Hainbat kolektibo sozialek etxebizitza duina eskuratzeko prestazioen murrizketa salatu dute Eusko Jaurlaritzak antolatutako kongresuaren aurrean. Mobilizatzera deitu dute otsailaren 24an.
Eusko Jaurlaritzak antolatutako etxebizitza politikei buruzko nazioarteko kongresua egiten ari dira astelehenean Bilboko Euskalduna Jauregian. Irekiera ekitaldia ezarrita zegoen momentu berean elkarretaratzea egin dute Argilan-ESK, Berri Otxoak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Eusko Jaurlaritzak “etxebizitza duina” lortzeko prestazioei egindako “murrizketak” salatu dituzte, No a los recortes del derecho a la vivienda. Instituzioen fartsari aurre egin lelopean.
Jaurlaritza etxebizitza eskuratzeko prestazioak murriztu dituela, eta “baliabide hauek pertsona eta bizikidetza-unitate prekarizatuentzat kentzen” ari direla diote protestaren antolatzaileek. Bi neurri aipatu dituzte etxebizitza duina lortzeko aukeran eragina izan dutenak: batetik, Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren Lege berria, zeinak bizilekuaren kontzeptua birdefinitzen duen; eta bestetik, Etxebizitzaren Prestazio Ekonomikoa (EPE) izeneko laguntzaren sorrera, zeinak aurretik indarrean zeudenak ordezkatuko dituen.
Manifestazioa otsailaren 24an
Argilan-ESK, Berri Otxoak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak “murrizketen, kriminalizazioaren eta pobretzearen aurka” manifestazioa egingo dute datorren otsailaren 24an, 12:00etan, Bilboko Moyua plazatik. Prestazio sozialetan izaten ari diren “murrizketak” ere salatuko dituzte manifestazio horretan.