argia.eus
INPRIMATU
Emakumeei eragiten dieten arazo sozialak ikusezinak dira erakundeentzat, Argitan-en balantzearen arabera
  • Iazko urtean 360 emakume artatu zituzten Argitan Emakumeentzako Aholku Etxean. Orain 23 urte proiektua martxan jarri zutenetik, 7.439 izan dira aholkularitza eske gerturatutako emakumeak.

Amaia Lekunberri Ansola 2019ko urtarrilaren 30
Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeko kideak (Argazkia: Barakaldo Digital)

Urtarrilaren 24an, Barakaldoko (Bizkaia) Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeak 2018ko jardunaren balantzea aurkeztu zuen. Datuek ageriko egiten dute instituzioen aldetik dagoen baliabide falta emakumeak baldintza egokietan eta ikuspegi feministatik artatzeko.

2018an aholkularitza bila Argitanera jo duten emakumeen gehiengoak arrazoi psikologikoak izan ditu motibazio nagusi. Arreta psikologiko bila jo duten emakumeak %39 izan dira, 2017an baino %8,7 gehiago. Aholku Etxeko kideek adierazi dutenez, arrazoi psikologikoak medio egindako artatze indibidual eta kolektiboa areagotu egin da beste urte batez, agerian utziz alor horretan egindako lana ezinbestekoa dela. Besteak beste, antsietate, depresio eta autoestimu arazoak artatu izana adierazten du balantzeak, denak ere “egoera ekonomiko, laboral eta pertsonalek eraginak”.

Arrazoi psikologikoak medio egiten diren kontsultak urtez urte gora egitearen arrazoi nagusietakoa argi du Argitanek: “Ez Osakidetzak, ezta udal baliabideek ere, ez dituzte beren gain hartzen espezifikoki emakumeei eragiten dieten arazo sozialak”. Azpimarratu dutenez, instituziook indarkeria matxista, prekarietate, bikote harreman eta dibortzioekin lotutako arazoak ez dituzte behar bezala artatzen. Are gehiago, zenbaitek aipatu arazoak betikotu egiten dituztela salatu dute.

Gaineratu dutenez, hainbat instituziok (Barakaldoko Udala, Ertzaintza, Eusko Jaurlaritza edota Osakidetza tarteko) Argitanera bideratzen dituzte emakume asko, ageriko eginez ikuspegi feministatik eta baldintza egokietan artatzeko baliabide falta dagoela.

Etxeko langileak, arreta zerbitzuaren ardatz

Arreta psikologikoaren atzetik, arreta juridikoa izan da kontsulten arrazoi nagusienetarikoa. Arreta juridikoa eta lan arloko arreta eskutik joan ohi dira, eta bien baturak 2018ko kontsulten %45,9 osatzen du.

Alor honetan, hamar kontsultatik bederatzi, gutxienez, etxeetako langileek egin dituzte. Sektore hori lan eskubide eta eskubide sozial gutxien dituena dela azpimarratu du Argitanek, eta lan egiten duten etxeetan sarri abusu eta indarkeria egoerak bizi dituztela ohartarazi. Egoera hori izanik, Aholkularitza Etxearen ardatzetako bat etxeko langileei informazioa eskaintzea dela zehaztu dute. Sektore honen baitako langileen soslaia, hein handi batean, zaintza lanak egiten dituen emakume migrantearena dela zehaztu dute, eta ohartarazi du perfil hori izateagatik askotariko bazterketa-kasuak pairatzen dituztela langileek. Honek pertsonen eta bizitzaren zaintzari ematen zaion balioa zeinen urria den argi erakusten du, Argitanen hitzetan.

Etxeko langileez harago, artatu dituzten emakumeek bizi duten prekarietate egoera azpimarratzekoa da. Artatutakoen %58 inguru langabeak edo pentsiodunak dira, eta %42 besterik ez dira langileak. Azken hauen artean, gainera, soldata baxuak eta aldi baterako lanaldiak dira nagusi. Hori dela-eta, langile zein langabe izan, askok diru-laguntzak behar dituzte arazo ekonomikoei aurre egiteko: kontsulten %8,7 prestazio sozialen inguruko informazio beharrak eragindakoak dira.

Datuok emakumeek bizi duten egoera prekarioaren adierazgarri dira, eta egoera horrek “pobrezia arriskua pairatzera bideratzen ditu, bikote harremanak eteten dituztenean gehienbat”.

Bikote harremanen hausteak, arrisku faktore

Bikote harremanak eteteak prekarietatera ez ezik, indarkeria egoeretara ere bideratzen ditu emakumeak. Banaketa zein dibortzio arrazoiengatik egindako kontsultak, kontsulta juridikoen %25,9a dira. Bikote harremana hausteak eragindako egoera ekonomikoarekin zerikusia duten kontuak bakarrik ez, zaintza partekatua eta haurren kustodiaren gainean informatzeko beharrak ere motibatzen dituzte kontsulta mota hauek. “Informazio behar horien atzean, tratu txar psikologiko eta fisikoak ezkutatu ohi dira”, azaltzen du Argitanen informeak.

Azaldu denez, pairatzen duten indarkeria matxista identifikatzeko zailtasunak izaten dituzte emakumeek sarri, eta tratu txar horiek beraiei bakarrik ez, zaintzapean dazkaten norbanakoei ere eragiten diete. Hori kontuan izanda, datuok “izebergaren punta” besterik ez lirateke. Punta horren adierazgarri ondoko datua: 2018an, Argitan Emakumeen Aholkularitza Etxean, Barakaldoko 38 emakumek egin dute indarkeria matxista pairatu izanaren salaketa esplizitua.

Argitanen eskariak

2018ko balantzea mahai gainean, indarkeria matxista, desparekotasuna eta diskriminazioaren kontra lan egiteko hainbat neurri eta baliabideri bide ematea exijitu die instituzioei Argitanek: pobrezia arriskuan dauden emakumeen beharrizanen kargu egin eta gizarte-larrialdietarako laguntzak edota DSBEa bidegabeki ez oztopatzea, laguntzok beharrizanak betetzeko hainakoak izatea eta era bizkorrean luzatzea; guardiako epaitegiak, larrialdi zerbitzuak eta harrera baliabideak bermatzea; haurtzaindegi eta zaharren egoitza publiko eta doakoak eskaintzea; edota alokairu sozialak eta etxebizitza duinak bermatzea.