argia.eus
INPRIMATU
Instituturako jauziak ere egokitzapena behar du
  • Ume txikienen eskola-egokitzapenaz asko hitz egiten da, baina instituturako saltoa ere ez da xamurra: hormonak dantzan eta norbere beldur eta mamuak airean, Lehen Hezkuntzan babestuago egotetik ikasteredu zurrunagora igarotzen dira gazteak. Bide horretan laguntzea inportantea dela diote adituek.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko irailaren 11
\"Aldaketak batzuetan ere ongi datoz, kontua da trantsizio horretan presioa apur bat jaistea, eta presio hori sarritan arlo akademikotik dator\". Argazkia: Freepik

“Etapa bakoitzaren momentuak bizi egin behar dira, eta egoera berrien aurrean espektatiba batzuk denok egiten ditugu, aldaketak beti ekarri ohi du ezinegona, baina aldaketak batzuetan ere ongi datoz, kontua da trantsizio horretan presioa apur bat jaistea, eta presio hori sarritan arlo akademikotik dator, zailtasun akademikoak izango dituztela pentsatzetik”. Halaxe zioen Otsanda Tolosa irakasleak, Lehen Hezkuntzatik DBHrako eta instituturako trantsizioa ikasleei leuntzeko duten plana azaltzerakoan. Funtsean, Lehen Hezkuntzako azken mailako ikasleak institutuko DBHkoekin harremanetan jartzea da planaren ardatza, ikasleek izan ditzaketen beldurrak uxatzeko asmoz.

Azken finean, aldaketa fisiko, psikologiko, kognitibo, sozial eta emozional betean, askatasunaren mugak ezagutzeko eta identitate berri bat sortzeko prozesu betean datorkio gazteari etapa berria hezkuntzan: ikastetxez aldatzea, irakasle-tutore baten babes handiagoa izateari uztea eta arlo akademikoaren zurruntzea.

Etxean komunikazio espazioak zabaltzea funtsezkoa da, baina "ez dira itaunketa bilakatu behar, baizik eta seme-alabek dituzten kezka, ezinegon eta ilusioak partekatzeko uneak, bueltan epairik jaso gabe"

Tolosak aipaturikoaren ildotik, hori guztia esperimentatzen eta bizitzen utzi behar zaio gazteari, autonomian eta askatasunean aurrera egiten, erronka eta ondorio berriekin, baina aldi berean familiaren akonpainamendua garrantzitsua dela nabarmendu du Sonia Lopez psikopedagogoak El Paísen, eta hainbat gako eman ditu horretarako.

Etxean komunikazio espazioak zabaltzea funtsezkoa da, baina “espazio horiek ez dira itaunketa bilakatu behar, baizik eta seme-alabek dituzten kezka, ezinegon eta ilusioak partekatzeko uneak, bueltan epairik jaso gabe”. Beti gainean egon ordez, konfiantza eta optimismoa transmititzea ere gomendatzen die gurasoei, autoestimua indartzeko. Gazteari ikasketa eta aisialdirako errutina, ordutegi eta mugekin laguntzea ere txarra ez. Lagunak hain garrantzitsuak diren etapa honetan, (egiten) dituen lagunekiko interesa agertzea ere inportantea da. Eta azkenik, alerta zantzuei adi egotea, nerabea institutura ongi egokitu ez bada zergatietan sakontzeko.