2011ko urtarrilaren 27ko greba orokorrean pikete informatiboan aritzeagatik 18 pertsona epaitu zituzten Busturialdean. Akusatuetako batek adierazi zuen ogia banatzen ari zen batek jarri zuela salaketa haren autoak kalteak jasan zituelako, eta handik pasa ziren lehenengoak identifikatu zituela Ertzaintzak.
Pasa den astean egindako epaiketaren helburua beldurra zabaltzea eta “langileak diziplinatzea” besterik ez dela esan du Ainhoa Etxaide LABeko idazkariak. Hemezortzi kideek leporatzen zitzaiena ukatu zuten eta epaileak frogarik ez duelako absolbitu ditu. Salaketa ipini zuenak ez zuen akusatuetako bat ere ezagutu deklaratzen ari zenean, Busturialdeko Hitzak adierazi duenez.
Pasa den urtarrilaren 10ean epaitu zituzten 18 grebalariak. Fiskaltzak bakoitzari hiru urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorraz gain, 6.000 euroko isuna eskatzen zien lan eskubidea “urratzeagatik”. Epaiketa aurreko mobilizazioan Etxaidek adierazi zuen 18 kide horiek lan eskubideak defendatu eta aldarrikatu zituztela eta ez urratu: “Ez da inoiz delitua izango behin eta berriro erasotzen ari diren langile eskubideak aldarrikatzea langile borroka eginez”.
LAB sindikatuaren mezua
Epaiketa bertan behera uztea “ezinezkoa” zelakoan, absoluzioa zen LAB sindikatuak eskatzen zuena. Bestalde langileei dei egin die haien eskubideen alde mobilizatzen jarrai dezaten: “Lan eskubidearen urraketa salatu nahi badute eser ditzatela behingoz enplegua suntsitzen duten politikak eta horiek onartzen dituzten politikariak. Jaraitu alternatiba badagoela aldarrikatzen, etorkizun duina izateko kalera ateratzen, bestelako gizarte bat eraikitzeko urratsak ematen”.