argia.eus
INPRIMATU
Inpunitate frankista salatzeko elkarretaratzea ostegunean Bilboko udaletxean
  • Iñaki Azkunak Bilboko udaletxean dauden alkate frankisten erretratuak kentzeari uko egin zion pasa den astean, eta erreakzioak askotarikoak izan dira. Sare Antifaxistak elkarretaratzea egingo du ostegunean, Bilboko udaletxearen atarian.

Ane Lusarreta 2014ko otsailaren 25
Bilboko udaletxean dauden alkate frankisten irudi, kondekorazio, medaila eta tituluak erretiratzeko eskaera egin zuen EH Bilduk, Azkunak ezezkoa adierazi du. (Arg: Deia)

Espainiako Parlamentuak 2007an onartu zuen Memoria Historikoaren legeak sinbolo frankista guztiak kentzera behartzen du. Gasteizko Legebiltzarraren erresoluzioek ere ikur frankisten deuseztapena eskatzen dute. Eta Eusko Jaurlaritzak egindako txostenetan dei egiten zaie udal eta instituzioei ikur horiek erretiratu ditzaten.

Horiek aintzat harturik, Bilboko udaletxean dauden alkate frankisten irudi, kondekorazio, medaila eta tituluak erretiratzeko eskaera egin zuen EH Bilduk, PSEren babesarekin. Eskaera horren aurrean Iñaki Azkuna Bilboko alkateak (EAJ) adierazi zuen “Bilbon legea nola aplikatzen duen ados ez dagoenak tribunaletara jo dezala" eta berak ez zituela ikur horiek kenduko.

Sare Antifaxistaren deialdia

Info7 irratian Sare Antifaxistako kide Eduardo Gonzalezi elkarrizketa egin diote. Azkunaren jarrera gogor kritikatu du, Memoria Historikoaren legearen aurkakoa dela adieraziz.

Euskal Herrian Memoria Historikoaren legea betetzeko traba gehien jarri ohi dituzten partiduak EAJ, UPN eta PP direla uste du Sare Antifaxistako eta Lau Haizetara Gogoan plataformako kide den Gonzalezek.

“Duela hiru urte Lau Haizetara Gogoan taldeak eta Memoria Historikoaren aldeko taldeen bilkurak Azkunari zuzenean eskaera egin genion behingoz memoriaren gaiari irtenbidea eman ziezaion. Azkunak hitz egiteari uko egin zion etengabe, eta gurekin biltzeari ere bai”, adierazi du Gonzalezek Info7-n.

“Tribunaletan denuntzia jarri genion duela urte bat, eta aurreko astean bere jokaerarekin ados ez dagoenak auzitegietara jo dezala esan zuen” dio Sare Antifaxistako kideak. “Inpunitate horren kontra ostegunean udaletxe aurrean elkarretaratzea deitu dugu” gaineratu du.

EAJ barruan diferentziak badirela ere azpimarratu du Gonzalezek, eta alderdi jeltzaleko kide batzuek, gudari izandakoen familiakoek, osteguneko deialdiarekin bat egingo dutela gaineratu du: “Azkunak Bilboko udaletxean duen despotismoak EAJrengan eragin duen errealitatea da hau”.

Informazio gehiago:

Bilboko ikur frankisten auziak zeresana eman du azken asteetan. Aurrekariak ezagutzeko, irakurri Iera Aranburu eta Urko Apaolazaren artikuluak.