Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren abonu-kontzertuen lehenengo emanaldia primerakoa izan bazen, ezin gauza bera esan bigarren saioari buruz. Agian egitura klasikoetan errotutako musika –itxuraz erraza, baina sakonean oso zaila interpretatzeko- programatu zelako, agian Gasteizko Principal Antzokiko deabruzko akustika dela eta, joan den osteguneko saioa ez zen biribila izan.
Mendelssohnen “1. Sinfonia op. 11 do minorrean” obrarekin hasi zen emanaldia. Kutsu erabat klasikoa duen lan hau ez da konpositore alemaniarraren sinfonia distiratsuena, baina, tira, badu bere xarma. Motibo erromantikoak kateatu egiten dira estruktura ezin klasikoago batean. Ez da oso lan konplikatua orkestra sendo batentzat, baina, kasu honetan, agerian geratu zen obra hau ez zeukatela erabat landuta. Bizitasun eza nabaria izan zen uneoro, eta, “Menueto eta Trio” izeneko hirugarren mugimendua batez ere, piltzarturik atera zen, doitasunik gabe.
Hobetoxeago aritu ziren hurrengo obra interpretatzerakoan. Txaikovskiren “Gai rokoko baten gaineko bariazioak op. 33” txelo eta orkestrarako, fin eta zuzen atera zen. Gabriel Mesado biolontxelo jole bakarlariak ez zuen fantasia gehiegirik ipini, eta une txiki batzuetan garbitasun eza protagonista izan zen, baina, orokorrean, txukuntasunez interpretatu zuen lan polit eta arin hau. Propina bat bota zuen Mesadok: Bachen biolontxeloarentzako 6. Suite-aren “Courante” izeneko mugimendua.
Kontzertuaren bigarren zatia bestelakoa izan zen. Mendelssohnen “4. Sinfonia op. 90 la maiorrean”, Italiarra, adorez jo zuten Euskadiko Orkestrakoek. Ondo ezagutzen dute obra hau eta, Andrés Orozco-Estradaren batutapean, taxuzko bertsioa eman zuten. Hurrengoan, hobeto.
Fitxa: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Andrés Orozco-Estrada. Bakarlaria: Gabriel Mesado (txeloa). Egitaraua: Mendelssohn eta Txaikovskiren obrak. Lekua: Gasteizko Principal Antzokia. Data: Urriaren 27a.