ERCk “aldebakarreko” erabakia hartu zuen inbestidura saioa atzeratzeko. JxCAT eta CUPi ez zaie gustatu errepublikanoen erabakia eta azken asteetan ezkutuan eraman dituzten eztabaidak azaleratu dira.
Goizean goiz Kataluniako Telebista publikoak eman zuen albistearen berri, Junts Per Catalunya, ERC eta CUPek akordio bat izenpetu zuten, distantziara bada ere, Carles Puigdemont Kataluniako Presidente inbestitzeko. Denbora gutxi iraun zuen ordea “ilusio” hark. Inork espero ez zuen prentsaurrekoa deitu zuen Roger Torrent Kataluniako parlamentuko presidenteak hamarrak alderako.
Atera zen prentsaurrera, diskurtso zorrotzarekin ekin zion ERCko kideak, “ez Sorayak ez eta Konstituzio Auzitegiak ez dute erabakiko nor izango den Kataluniako Presidentea”. “Puigdemont da mahai gainean dagoen aukera bakarra”, adierazi zuen parlamentari gazteak. Ondoren zetorren albiste garratza gozatu nahi zuen, baina orduan eman zuen inork espero ez zuen titularra, “inbestidura saioa atzeratuko dut”, Konstituzioa Auzitegiak alegazioak ebatzi bitartean.
Albisteak sorpresaz harrapatu zituen JxCAT eta CUPeko kideak. Torrentek ez zien bere erabakiaren berri eman publiko egin aurretik gainontzeko alderdi independentistei, ez eta mahaiko kideei ere. JxCAT eta CUPek inbestidura saioarekin aurrera jarraitzeko eskatu zioten, Torrentek ordea ez zien jaramonik egin. 15:00ak heldu ziren, inbestidura saioa hasi behar zuen ordua. Parlamentuko aretoan lau aulki baino ez zeuden beteta, CUPeko parlamentariek saiora joatea erabaki baitzuten.
Roger Torrentek bere agerraldian itzalean geratu den ideia bat plazaratu zuen: "Diputatuen gehiengoak Puigdemonten hautagaitzari eusten dioten heinean ez dut beste hautagairik proposatuko". Kargua hartu zuenean argi adierazi zuen Torrentek bera ez zegoela prest kartzelara joateko. Puigdemont inbestitzeak Konstituzio Auzitegiaren erabakiak desobeditzea dakar nahitaez, beraz hautagaia aldatzea da aukera legal bakarra. Auzi hori azken asteetan ERC eta JxCATen arteko dema bihurtu da eta atzo ikustarazi zen orain arte ezkutuan mantendu duten korapiloa. Torrentek korapilo hori askatzeko epea luzatu du.
Puigdemonten mezua
Gaueko zortziak aldera bideo bidez mezu bat helarazi zuen Carles Puigdemontek, batasun mezua, baina eskari argiak barnebiltzen zituena. Bideo hori presidente izendatu ondoren egin behar zukeela esanez hasi zuen hitzartzea presidente legitimoak, Torrenten erabakia errespetatzen zuela gaineratu zuen ondoren. “Ni naiz aritmetikoki inbestitzeko aukera duen hautagai bakarra” ondorioztatu zuen Puigdemontek.
Kaleak errepublika eske
Iraileko haizeak itzuli ziren bart berriz ere Bartzelonako kaleetara. ANC eta Omnium Cultural elkarteek mobilizazioa deitua zuten inbestidura saioa jarraitu eta parlamentuaren erabakiak babesteko. Azkenean, ordea, bestelako izaera hartu zuen mobilizazioak. Milaka herritar, Puigdemonten karetak aldean zituztela, inbestidura saioaren eske atera ziren kalera. Tentsio uneak ere bizi izan ziren manifestariek Poliziaren katea hautsi eta parlamentuko kanpoaldeak hartu zituztenean. Iluntzean CDRek kanpaldia hasi zuten, euren esanetan “presidentea inbestitu arte”, azkenean goizaldean bertan behera uztea erabaki dute.
Oposizioa gustura
Atzokoa, ordea, ez zen soilik aurpegi triste eta haserreen eguna izan. Espainiako Gobernuak gustura hartu zuen Torrenten erabakia, baita Kataluniako parlamentuko alderdi Espainiazaleek ere. Ciudadanosen aurka egiteko baliatu zuen aukera PPren buruak. Ines Arrimadasi eskatu zion pauso bat aurrera eman dezala, finean bera izan baita hauteskundeak irabazi dituena. Puigdemontek ongi zioen bezala ordea, “aritmetika” ez dute aldeko alderdi konstituzionalistek.