Dagoeneko, behar larrian diren 100 lagun baino gehiagorengana iritsi da Bizkaiko mantero senegaldarren erresistentzia kutxa. Ezin dute kalean saldu eta askok ez du paperik –alegia, administrazioek iragarritako laguntzetatik kanpo geratu dira–. Orain arte, kale-saltzaile senegaldarrek eta ARGIAk elkarlanean dugun "Inor ez da ilegala" proiektuko diru zati bat etorkizunean sortu nahi duten kooperatibarako gorde dute. Garaiotan, baina, proiektutik lortutako diru-sarrera berriak erresistentzia kutxara bideratzea erabaki dute.
“Kale-saltzaile asko egunekoarekin bizi dira, eta eguneroko hori erortzen denean, akabo. Askok, oraintxe bertan, ezin du alokairua ordaindu, ezin du jatekorik erosi… Mugikorretik ere ezin deitu dago jendea, saldorik ez duelako”, azaldu digu Mbolo Moye Doole kale-saltzaile senegaldarren elkarteko kide Khadim Sambek. Zorionez, herritar ugari dira erresistentzia kutxan ekarpena egiten ari direnak: “Hasi ginenetik ia 13.000 euro banatu ditugu eta 100 lagun baino gehiagorengana iritsi gara. Euskal Herrian babesa izaten ari gara, ez bakarrik jendeak dirua sartzen duelako, batzuek deitu egiten digute, ea zer moduz gauden galdetzeko, animoak emateko. Hori ere eskertzekoa da”.
Etorkizuna ere, ilun
Konfinamenduaren ostean arazoak ez dira bukatuko kale-saltzaileentzat. Batetik, egoera berriak salmentari eragingo diola ziur da Sambe: tabernetan, jatetxeetan… saldu ohi dutela dio, eta neurri berriek zaildu egingo dutela hori. Kalean ere, ez dute erraza izango: “Jendeak beldurra du eta askok ez digute erosi nahiko, kutsatuko ditugun beldur, edo erosten dizkiguten produktuak kutsatuta izango diren beldur”; aurreiritziak ez baitira gutxi.
“Jendeak beldurra du eta konfinamendu ostean ere askok ez digute erosi nahiko, kutsatuko ditugun beldur, edo erosten digutena kutsatuta izango den beldur”
Bestetik, lege bidegabeek ilegaltasunera, klandestinitatera eta prekarietatera kondenatuta ditu aspalditik migratzaileak, orain bezala, deskonfinamenduan ere. "Lan honetan ari gara besterik ez dugulako, ez nahi dugulako”, dio Sambek. Hona ailegatu eta hiru urtez ilegal aritu behar dute lanean, beltzean, ez dute beste aterabiderik, eta eta ondoren hasi dezakete lurraldean errotuta daudela frogatzeko prozesu luzea. Horregatik, pandemia egoera honetan, inongo babes ekonomikorik gabe geratu dira asko eta asko, ilegalak baitira administrazioarentzat. Paperek sarbidea emango liekete enplegua legalki lortzeko, kotizatu ahal izateko, bertan bizitzeko eskubidea izateko… eta horregatik “legalizazioa orain” kanpaina martxan da. Portugalen paperak eman dizkie gobernuak herrialdeko migratzaileei, gurean ordea ez dirudi horretarako asmorik dagoenik.
Inor Ez Da Ilegala
ARGIAk eta Mbolo Moye Doole elkarteak denbora daramagu "Inor ez da ilegala" proiektuan: kamisetak, jertseak, poltsak eta liburuak ditugu (Internet bidez, azoka.argia.eus helbidean eros ditzakezu), pertsona ilegalik ez dagoela ozen aldarrikatu eta bi proiektuok bultzatzeko helburuz. Salmenta bakoitzeko irabazien erdia ARGIA proiektua indartzeko da eta beste erdia berriz, Mbolok buruan duen kooperatiba aurrera ateratzeko. Bizi dugun egoeran, salmenta bakoitzeko irabazien erdia erresistentzia kutxara joango da orain.
Zuzenean ere egin daiteke ekarpena Mboloren erresistentzia kutxan. Bizkaiko SOS Arrazakeriaren izenean dagoen kontu korrontea eman dute (ES67 2095 0005 1838 3074 5829) eta kontzeptuan "Apoyo Mbolo" jarri behar da.