argia.eus
INPRIMATU
Manifestazioa deitu dute Donostian iganderako “Inor ez da ilegala” lelopean
  • Manifestazioa deitu dute otsailaren 3rako Donostian "Inor ez da ilegala" lelopean. "Migrazioak ohiko fenomenoa direla jakitun gara, baina 2018an ikusi dugunarekin aurrera begira modu iraunkorrean gure herrietan eragin nabarmena izango duen gertaera dela uste dugu".

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2019ko urtarrilaren 30
Iganderako deialdia egin dute prentsaurrekoan. (Argazkia: Lander Arbelaitz)

Eragile ugari batu dira deialdia egiteko: Donostiako Bilgune Feminista, Askapena, Txantxafrika, LAB, Zergatik ez?, Donostiako Hiritarren Harrera Sarea, Ernai, Donostiako Asanblada Feminista, EH Bildu, Sortu, Irutxuloko Hitza, Donostiako gune autogestionatuak (Txantxarreka, Letaman, Kijera, Firestone), Antigua Otarrak, Satorralaia eta Mohara. Atxikimendua eman nahi izanez gero, idatzi txantxafrika@gmail.com helbidera.

"Migrazioak parez pare jarri digun erronkari herritar gisa ahalik eta erantzunik egoki eta bateratuena bilatu nahi dugu, inor ez baita ilegala”, adierazi dute. Beren hitzetan, bi elementu barnebiltzen ditu gai honi eman beharreko erantzunak: batetik, instituzioek duten "utzikeria eta erantzun eskasaren" salaketa dinamika zabal eta iraunkorra garatzea; bestetik, migratzaileei ahalik eta harrera duinena ziurtatzea helburuak lortu bitartean. Horretarako, elkarlana beharrezkoa dela uste dute, lau ideiaren gainean:

- Inor ez da ilegala.
- Hemen lan eta/edo bizi diren guztiek eskubide guztien jabe izan behar dute.
- Harrera duin bat jasotzeko eskubidea dute gurera datozen migratzaile guztiek; are gehiago egoera zaurgarrian daudenek
- Instituzioei dagokie eskubide guztiak eta harrera duin bat bermatuko zaiela ziurtatzea.

Kalean nahiz Antiguako Txantxarreka gaztetxean bizi diren migratzaileen oinarrizko behar material eta pertsonalak asetzeko herritarren laguntza ere eskatu dute. Arropa, diru edo janari bilketetatik hasi, Txantxarreka gaztetxean dauden txandetan parte hartzetik pasa, eta migratzaileek babes har lezaketen toki bat bilatzeraino, "hamaika dira har genitzakeen konpromisoak, eragile edo norbanako gisa".

Amaitu dute baloratuz eragile asko daudela Donostian gai honekin sentsibilizatuta eta sareak indartuz aurrera egin nahi dutela.

Manifestaziora deia egin dute. (Lander Arbelaitz)