Jexux Eizagirre Portillok Txinako ipuin zaharrak bildu, hautatu eta hauen bertsioak idatzi ditu. ARGIAk egunean ipuin labur bat jarriko du irakurgai, eta ikusentzun ere egin ahalko ditugu, Pako Izagirre Irureren ahots ederrez irakurriak eta Maitane Gartziandiaren ilustrazioek jantziak.
Bazen behin gizon bat, Chi lurraldean, beti zegoena, gau eta egun, urregorriaren egarriak. Egun batez, arroparik garestienak jantzi, eta hemen non datorren azokara. Urregorria saltzen zuen dendariaren postura iristean, piezarik handiena hartu eta han ziak eta baziak ihesi, etxera bidean.
Preso hartu zuen soldaduak galdetu zion:
– Nolatan lapurtu duk piezarik handiena, azokako jende guztiaren aurrean?
– Lapurtu dudanean – erantzun zuen –, ez diat inor ere ikusi. Urregorria besterik ez diat ikusi.