argia.eus
INPRIMATU
Inoizko postu gehien egongo dira larunbatean Hernaniko Liburu eta Disko Azokan
  • Doinuele euskara hutsezko plazen sareko hurrengo hitzordua irailaren 30ean izango da, Doberaren eskutik, 11:00etan hasita. Zenbait idazlek liburuak aurkeztuko dituzte, tartean Jakoba Errekondok eta Garbiñe Larreak. Bertso saio literarioa eta kontzertua ere egongo dira.

ARGIA @argia 2023ko irailaren 28a
Orotara hamazazpi postu egongo dira azokan, euskal musikagintza eta literatutari lotutakoak. / Argazkia: Kronika.

Irailaren 30ean egingo dute Dobera euskara elkarteak antolatutako Hernaniko III. Liburu eta Disko Azoka, 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 19:30era, Atsegindegi plazan. Antolatzaileek iragarri dute orain arteko postu gehien egongo direla aurten, eta hainbat ekitaldi eta aurkezpen ikusteko aukera egongo dela.

Aurtengo berrikuntzak izango dira, batetik, liburuez gain diskoak ere salgai egongo direla, eta bestetik, Doinuele euskara hutsezko plazen sarearen egitarauaren barruan prestatu dutela eguna. Martxoan aurkeztu zuten Doinuele zortzi herri edo ekimenetako kideek, euskarazko literatura eta musikagintza sustatu eta euskarazko publikoari plaza zabala eskaintzeko asmoz.

Liburu aurkezpenak eta kontzertuak

Orotara hamazazpi postu egongo dira, tartean ARGIAkoa. Gainerakoak hauek izango dira: Dobera, Alberdania, Susa, Katakrak, Txalaparta, Pamiela, 1545, Elkar, Erein, Igela, Kantaita Enea, Gaitzerdi Estudioa eta Zapotxin, Herrima, Harriet, Hernani Errotzen eta Hernaniko musikariak.

Bizi Baratzeko bi aurkezpen eskainiko dituzte egileek, 12:00etan: Jakoba Errekondok Ilargia eta landareak 2024ko agenda, eta Garbiñe Larreak Sendabelarren baratzea. Egun osoan egongo dira euskal literatura eta musikagintzari lotutako emanaldiak, besteak beste, ipuin kontaketa musikatua, disko eta liburu aurkezpenak. Azoka ixteko 18:00etan bertso saio literarioa eskainiko dute Oihana Arana, Maddi Ane Txoperena eta Maialen Akizuk, eta 19:00etan Karena taldeak kontzertua emango du. Azokak irauten duen bitartean haurren txokoa egongo da, txikienentzat.