argia.eus
INPRIMATU
Inoizko parte hartze handienarekin dator 43. Nafarroako Bertsolari Txapelketa
  • Otsailaren 18an hasiko da Tafallan, eta apirilaren 8an bukatu, Iruñeko Anaitasunan. 35 bertsolarik eman dute izena aurtengo txapelketan. Arabakoa ere abian da.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2017ko otsailaren 06a

Inoiz baino bertsolari gehiagok eman du izena Nafarroako 43. Bertsolari Txapelketan. 35 izan dira osotara. Lehen aldiz izena emandako bederatzi bertsolariek kanporaketa saio bat jokatu zuten abenduan Iruñean, eta lauk lortu zuten final-laurdenetarako txartela. Horrenbestez, 30 bertsolariekin abiatuko da final-laurdeneko fasea. Horiekin batera, 11 pertsonez osatutako gai-jartzaileen taldea, zazpi epailek eta hamarnaka laguntzailek egingo dute posible egitasmoa. joan den ostegunean aurkeztu zuten txapelketa, Iruñean, Nafarroako Bertsozale Elkartearen urteroko batzarra baliatuz.

Guztira, abenduan egin zen kanporaketa barne, hamar saio izango ditu Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Otsailaren 18an hasita, bost final-laurden jokatuko dira beste horrenbeste herritan, Tafallan, Auritzen, Lakuntzan, Iruritan eta Uharten. Horietan sailkatzen diren 18 bertsolariek finalaurrekoak jokatuko dituzte, Beran, Antsoainen eta Agoitzen. Zortzi sailkatuek jokatuko dute final handia, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, apirilaren 8an.  Final horretako lehen bost sailkatuek udazkenean abiatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartzeko aukera izango dute.

Bertsozale Elkartearen web gunean dago bilduta txapelketaren inguruko informazio osoa. Horretaz gain, Bertsoa.eus atariak ere egitasmoaren jarraipen berezia eginen du.

Arabako Txapelketa

Arabako Bertsolari Txapelketa ere abian da eta 18 bertsolariekin jokatuko da.  Txapelketako lehenengo finalaurrekoa, Langraizen egin zen joan den  igande arratsaldean eta, 70 bertsozaleen aurrean, Manex Agirrek irabazi du 1.finalaurrekoa. Txapelketaren eta saioaren xehetasun guztiak irakurri daitezke Bertsoa.eus atariko ondorengo orrian.