Jendetza parte hartzen, eta jendetza animatzen. Bidean, musika eta aldarrikapenak nagusi.
Milaka emakumek hartu dituzte Donostiako erdiguneko kaleak. Eguraldi ona lagun, giro atsegin eta alaiaz gozatu ahal izan dute 31. Lilatoian. Goizeko hamar eta erdietan hasi da lasterketa, baina aurretik ere jendetza ibili da Bulebarreko irteera eta helmugaren inguruan. Batzuk Kontxa eta Alderdi Eder ingurura joan dira beroketak eta luzaketak egitera; beste batzuek zumba beroketa saioan parte hartu dute; eta ia denek talde, familia eta kuadrilla argazkiak egin dituzte. Ez dute egun hau ahaztu nahi. Urduritasuna, ilusioa, poza eta zirrara nabaritzen zen korrikalarien aurpegietan.
Giroa berotzeko, irteeran Ibarrako Soka-Tira taldeko emakumeen erakustaldia egin dute. Lilatoiak omendu egin ditu, herri kiroletan ari diren emakumeen ordezkari gisa. Ondoren, handbike modalitateko bi parte hartzaileak atera dira: Ane Asensio oiartzuarra eta Ruth Alvarez donostiarra. Haien atzetik atera dira beste korrikalariak, inoizko Lilatoirik jendetsuenean. Halere, espero baino gutxiagok egin dute lasterketa: 6.500 emakume inguruk eman zuten izena, baina azkenean 5.576 iritsi dira helmugara.
Lehen korrikalariak lasterketa hasi eta 18 minutura iritsi dira: Ordiziako Izaro Rubio beteranoak gurutzatu du helmuga marra aurreneko postuan, eta haren ondoren iritsi dira Iratxe Aranburu zarauztarra eta Nerea Egia donostiarra. Handbike modalitateko Ane Asensio eta Ruth Alvarez 24 minutu inguruko denbora egin dute; elkarrekin iritsi dira helmugara. Sailkapen osoa ikus daiteke Lilatoiaren webgunean.
Jendetza parte hartzen eta jendetza animatzen. Maddi Garmendia esatariak eztarria urratu arte animatu ditu Lilatoiko parte hartzaileak, eta ederki girotu du lasterketa guztia. Bidean, musika eta aldarrikapenak nagusi. Besteak beste, Lilatoi feministago baten aldeko performance bat. Lilatoiaren aldarri feminista berreskuratu, eta kirol eremuko arau normatibo eta heteropatriarkalak apurtu nahi dituztela adierazi dute.
Azken sei urteetan bezala, Donostiako Atleticok hartu du asterketa antolatzeko ardura –1990. urtean sortu zen, Donostiako Koordinakundea Feministaren ekimenez, eta 146 parte hartzaile izan zituen lehen aldi horretan–. Geroztik, urtez urte handitu da parte hartzea.
Aurten, Zumaiako taldeak jaso du talde handienaren saria. Denera 151 emakumek eman dute izena, Zumaiako Emakumeon* Etxearen izenean. Bestalde, HITZA taldeak 10 urte bete ditu, eta 103 emakume atera dira korrika Irutxuloko Hitzak diseinatutako kamiseta arrosarekin.