1.700.000 ikustaldi izan ditu EiTBren emanaldiak –Hamaika TBrenak gehitu behar zaizkio–. Pozik agertu dira AEKko arduradunak: “Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa”.
2.800 lekuko-aldaketa, 4.900 eramaile eta 11 egun eta 10 gau igaro ditu Korrikak, Irundik Baionara. Egin duten balorazioaren arabera, “itzela” izan da: “Argi geratu da hemen badagoela komunitate oso bat, konplexurik gabekoa; ez du onartzen kontingentzia-planik euskararen normalizaziorako”.
“Parte-hartze masiboa” egon dela adierazi dute. Baina aurrerantzean ere lanean jarraitu behar dela, elkarlanean euskararen normalizazioa ardatz izanik, aurrera pausuak emanez.
Balorazioa egiteaz gain, AEK-ren helburu nabarmen bat bete dutela azpimarratu dute: “Euskararen aldeko kontzientzia astindu du Korrikak, herri-gogoa hauspotzea lortu du. Lasterketan bertan parte-hartze masiboa igartzeaz gain, etxetik ere inoizko Korrikarik ikusiena izan da hau, aurrekoaren marka oro hautsita, neurri handi batean sare eta hedabideen elkarlaneko lanari esker".
EiTBren zuzeneko emanaldiak 1.700.000 ikustaldi izan ditu, eta horiei Hamaika Telebistarenak gehitu beharko zaizkio.
AEK-k azpimarratu du “biziki poztu" dituela edizio honen omenduen aldarria "hainbeste zabaldu izanak”. Espero dute Korrikak izan duen ikusgarritasunak helburuak lortzeko balio izango duela.