argia.eus
INPRIMATU
Inoizko aurrekontu handiena aurkeztu du Nafarroako Gobernuak: 5.748 milioi euro
  • Nafarroako Gobernuaren 2023ko aurrekontuen aurreikuspena aurkeztu zuen asteazkenez foru gobernuak: 5.748 milioi euro, iaz baino %9,9 gehiago. Horietatik, 5.238 milioi izango dira ohiko gastuetarako, 510 milioi finantza gastuei bideratuko baitzaie. Albistearen amaieran zehazten dira diru partidak arloka.

Xabier Letona Biteri @xletona 2022ko urriaren 20a
Elma Saiz gobernu bozeramaileak aurkeztu zituen aurrekontuak asteazkenez. (Argazkia: Navarra.es)

Aurrekontua Nafarroako Gobernuak inoiz izan duen handiena da eta, Elma Saiz gobernu bozeramailearen esanetan, batez ere herritarrek bizi duten egoera gogorrari laguntzeko asmoa dute. Aurrekontuek orain ekin diote ibilaldiari eta, dena normal badoa, abenduaren amaieran onartuko dira Nafarroako Legebiltzarrean.

Dagoeneko Ahal Duguren sostengua lortu dute. Maiatzeko foru hauteskundeei begira EH Bilduren lehendakarigai Laura Aznalek iragarri duenez, orain arte aurkeztutakoak itxura ona du eta biltzen du aldez aurretik ezker abertzaleko koalizioak egindako hainbat proposamen. Hala ere, zehaztu zuenez, zerga erreforma bidez diru gehiago biltzeko akordioa lortzen saiatuko dira. Navarra Sumak hasieratik iragarri zuen, iaz bezala, PSNk EH Bildurekin negoziatuz gero, haiek ez zirela negoziazioetan sartuko, eta beraz, kanpo geratu da.

Estatuari 635 milioi euro kupoan

Gobernuak azpimarratu du 2.800 milioi euro gastu soziala deitzen den horretara joango dela. Azpimarragarria da, halaber, estatuari egingo zaion ordainketa, urtetik urtera handitzen jarraitzen duena: aurten 635 milioikoa da –ia 1.000 euro biztanleko–, duela lau urte 400 milioikoa izan zenean. Estatuak aurten Nafarroan 104 milioiko inbertsioa egingo du, eta hiru laurdena AHTra bideratuko da.

Aurrekontuetarako garrantzitsuak dira zergak, eta oraingoz, gobernuak iragarri du 32.000 eurotik beherako diru sarrerak dituzten herritarrei %3ko beherapena egingo zaiela. Horrek diru sarrera garrantzitsua kenduko die aurrekontuei.

Horrez gain, EH Bildu eta Ahal Dugu eskatzen ari dira zergak igotzea ondarean, sozietate zergan eta errenta handiko herritarrei, baina orain arte hori egiteari uko egin dio María Chiviteren gobernuak.

Osasuna eta hezkuntzaren ondoren, aurrekontuetako hirugarren partidarik handiena 635 milioikoa da, Espainiako Estatuari transferitu gabeko alorrengatik egiten zaion ordaina, gutxi gora behera herritar bakoitzeko 1.000 euro. Euskarabideak, esaterako, 10,2 milioi euro jaso zuen iaz eta aurten 11,2 milioi.

Aurrekontuak arloka

Ondorengo zerrendan ikus daiteke aurrekontu sailez sail, gehien jasotzen duenetik gutxienera.

Osasuna: 1.332,23 milioi euro (2022an baino % 5,62 gehiago)

Ekonomia eta Ogasuna: 1.260,46 milioi euro (+ %5,73)

Hezkuntza: 835,62 milioi euro (+ 5,09).

Eskubide Sozialak: 615,06 milioi euro (+ %16,04)

Lurralde kohesioa: 569,21 milioi euro (+ %13,16)

Lehendakaritza, Berdintasuna, Funtzio Publikoa eta Barne saila: 397,20 millioi euro (+ %17,66)

Unibertsitatea, Berrikuntza eta Eraldaketa digitala: 189,46 milioi euro (+ %9,32)

Landa garapena eta Ingurumena. 162,89 milioi euro (+ %12,78)

Ekonomia eta enpresa garapena. 137,20 milioi euro (+ %22,87)

Kultura eta Kirola: 70,77 milioi (+ %10,25)

Migrazio Politikak eta Justizia: 46,10 milioi euro ( +% 9,24)

Herritarrekiko Harremanak: 22,36 milioi euro (+%31,21)

Nafarroako Legebiltzarra. 20,5 milioi euro (+ %7,74)

Nafarroako Gobernuaren lotura honetan kontsulta daiteke zehatzago aurrekontu proiektu osoa eta beste honetan Elma Saizen aurkezpena.