argia.eus
INPRIMATU
‘Inoiz gehiago ez!’ sortu da, eskuin muturraren aurkako plataforma
  • Inoiz gehiago ez! plataforma aurkeztu zuten atzo Bilbon. Muturreko eskuina Europan hartzen ari den indarrari aurre egin asmoz jaio da taldea.

Ane Lusarreta 2014ko martxoaren 11
Faxismoa, xenofobia, arrazismoa, sexismoa eta LGBT fobiari erantzun bateratua eta antolatua eman nahi dio Inoiz gehiago ez! plataformak. (Arg: Naiz)

Sindikatu, mugimendu sozial, gazte erakunde eta hainbat alderditako kideek plataformarekin bat egin dute, eta Zirika herri-guneko aurkezpen agerraldian  parte hartu zuten atzo.

Faxismoa, xenofobia, arrazismoa, sexismoa eta LGBT fobiari erantzun bateratua eta antolatua eman nahi dio plataformak.

Hainbat alderdi politikok osatzen dute taldea. Besteak beste Sortu, Aralar, Alternatiba, Eusko Ekintza eta Ezker Anitzak. Baita bestelako antolakundeek ere: Ernai, Sare Antifaxista, Gazte Abertzaleak eta Gazte Komunistak beste batzuen artean.

Info7 irratiko Kale Gorrian saioan elkarrizketa egin diote Rikardo Otxoa Inoiz gehiago ez!-eko kideari.

Plataforma faxismo, arrazismo eta intolerantziaren aurkako mugimendu zabalaren “enbrioia” izatea espero du Otxoak.

Kataluniako Unitat conta el Feixisme izan da talde sortu berriarentzako inspirazio iturri. 400 talde inguru barnebiltzen ditu kolektibo horrek.

Unitat contra el Feixisme hastapenetan 13 erakundek osatutako nukleoarekin abian jarri bazen ere egun ehunaka talde batu zaizkie. Inoiz gehiago ez!-ek ere plataformara atxiki daitezkeen kolektibo gehiagorekin harremanetan dagoela azaldu du Rikardo Otxoak.

Muturreko eskuina Europan hartzen ari den indarraren hainbat adibide jarri ditu Otxoak: Greziako “Urrezko egunsentia” alderdiaren parlamentuko presentzia; Hungariako Fidesz muturreko alderdia, Viktor Orban lider duena; eta Frantziako Frente Nazionala eta Clement Meric erail zuen Gazte Nazionalista Iraultzaileak taldea besteak beste.

Gainera, Euskal Herrian jarrera faxistak izan badirela gogorarazi du: alkate nafarrek gutun erasokorren bidez jasaten duten jazarpena, Gasteizko alde zaharrean agertutako margoketa arrazistak edo Gerra Zibileko gudariak omentzen dituzten monumentuen aurkako erasoak izan dituzte hizketa-gai.

Plataformaren aurkezpen ekimenean taldearen lehenengo ekimenen berri eman dute jada:

Martxoaren 14 eta 15ean Bilbo eta Gasteizen: “Ultra eskuinaren gorakada krisian dagoen Europan” hitzaldiak Arkaitz Iza CUPeko eta Vendrell taldeko militantearen, Bertran Cazorla politologo eta kazetariaren, eta David Karvala En Lluita taldeko militante eta Unitat contra el Feixisme i el Racisme taldeko kidearen eskutik.

Martxoaren 22an: Bilbon manifestazioa, 18:00tan Plaza Eliptikotik aterata.