argia.eus
INPRIMATU
Inoiz erregistratutako hiru urte beroenen artean sailkatzen da 2020 urtea
  • Hondamendi naturalak ugaritu egin dira aurten, Munduko Meteorologia Erakundearen arabera. Artikoan da beroketa globala begi-bistakoena, hormaguneak urtzen ari dira eta horrek ondorioak ditu mundu mailan.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2020ko abenduaren 31

Bukatzera doan hamarkada hau inoiz izan den beroena dugu, Munduko Meteorologia Erakundeak munduko klimaren egoerari buruz egindako urteko behin-behineko txostenaren arabera. 2020. urtea bigarren tokira iristen da urterik beroenetan, 2016aren ondoren eta 2019a baino lehen. Hori horrela, planetak 1850etik izan dituen urte beroenak 2015az geroztik gertatu dira.

Klima beroketa azkarki sendi da Artikoan. "Urte eroa izan dugu iparraldean, bankisa ia inoiz ikusi gabeko mailarik baxuenean dugu, Siberiako kanikuluak eta basoko sute izugarriak ukan ditugu aurten", Mark Serreze National Snow and Ice Data Center egiturako zuzendariak zehazten duenez. "Uda izotzik gabea izanen den Ozeano Artikora goaz". Horrek inguruko herritar, fauna eta bioaniztasunarentzat ondorio larriak dakarzki, noski, baina mundu mailan ere ditu eragin beldurgarriak: "Hormaguneen urtzearen ondorioz ozeanoek bero gehiago xurgatzen dute, eta horrek ondorioztaturiko katastrofe klimatikoek ez dute inor bazterrean utziko”, Greenpeacen arabera.

2020ko irailaren 13an, hormagunearen azalera 3,71 milioi km2-koa izan zen, iaz 4 milioi km2-tik gorakoa zelarik. "Berotegi-efektuko gasen maila nabarmen murriztu beharko litzateke joera hori aldatzeko eta itsas izotza 1970 eta 1980ko maila 'normaletara' murrizteko. Hori gertatuko balitz, itsasoko izotza berehala berrezarriko litzateke", NSIC Elurrari eta Izotzari buruzko Datuen Zentro Nazionaleko zuzendariak azaltzen duenez. Antartikoan ere fenomeno bera sentitu da 2020. urte honetan. 2020a Antartikako penintsulako azken hiru hamarkadetako beroena izan da, Txileko Santiagoko Unibertsitatearen azterlan baten arabera.

Hamarkada honen erdian jada argi utzi zuen Nazio Batuen Erakundeak hamar hondamendi naturaletatik bederatzik klima aldaketarekin lotura dutela. Gogoan atxikiko ditugu urte honetan mundu mailan bizitutako hondamendi naturalak: Australiako zein AEBetako suteak, Afrikan bizituriko tenperatura izugarri altuak, Europako ekaitz bortitzak, Asiako uholdeak, Karibeetako zikloiak, eta beste. Hamar hondamendi bortitzenek 3.500 hildako eragin dituzte aurten, eta 13,5 milioi lagun baino gehiagok migratu behar izan dute, Christian Aid-en urteko txostenaren arabera. Klima aldaketak eragindako 250 milioi errefuxiatu aurreikusten ditu 2050erako Nazio Batuen Erakundeak. Beste behin ere, Hegoko herri pobreetako herritarrek dute gehienik pairatuko bizitokia utzi beharrerena.

Parisko Akordioa: hitzetatik ekintzetara pasa beharko da

Orain duela bost urte izenpetu zuten 195 herrik Parisko klimari buruzko akordioa. Adosturiko testuak aurreikusten du mende bukaerako beroketa 2 °C-tik behera mugatzea industriaurreko garaiari alderaturik (ahal bada 1,5 °C-tik behera). Hori lortzeko, aldaketa handiak bideratu behar lituzkete mundu mailako estatuek –batez ere mundu mailako iparraldeko herriek–: berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioak urtero %7,6 murriztu beharko lirateke datorren hamarkada berrian, NBEren arabera. Tamalez, oraingoz ez gara horretan, eta ez da horretara heltzeko aldaketa politikorik hartzen ere ez. Gaur egungo erritmoan segituz gero –baita Parisko Akordioan harturiko konpromiso eskasak segituz ere– 3,2°C-z emendatuko da tenperatura 2100rako.

Neville Nicholls Australiako Monash Unibertsitateko irakasleak oharra luzatzen du: "Berotegi-efektua eragiten duten gure gasek planeta 1 ºC-z berotzeko mende bat inguru behar izan dituzte, eta hurrengo 30 urteetan 1 ºC gehiago eransteko bidean gaude".

2020an %7az jeitsi da CO2 emisioa

2020an, munduko CO2 emisioak 2,4 mila milioi tona inguru murriztu dira –% 7ko murrizketa, beraz, ezinbestekoa dugun %7,6az biziki hurbil–. Murrizketa hau Covid-19 pandemiari aurre egiteko harturiko neurrien eragina izan da. Argi gelditzen da beraz azken hamarkadetan areagotuz joan den kontsumo eta ekoizpen ereduarekin segituz ez dugula planeta eta bizi osasuntsurik segurtaturik. Beroketa globalarekin segituz gero, ez garelako modu erosoan eta osasuntsuan bizitzen ahalko.