Txertoaren hirugarren dosia abian da herrialde aberatsetan eta laugarren dosia ere ezarriko zaie arrisku taldekoei. Denborarekin txertoek eragindako antigorputzak galdu egiten dira, eta horiek gehitzeko errefortzu dosiak jartzea da gobernuen estrategia. Baina txertoen alde dauden zenbait inmunologok adierazi du zentzugabea dela bigarren dositik aurrera gehiago hartzea. Izan ere, gorputzak badu, antigorputzez gain, COVID-19ari aurre egiteko beste defentsa mota bat ere: inmunitate zelularra. Eta hau denbora luzean mantentzen dute gaitza pasatu dutenek (txertorik hartu ez badute ere) eta txertoaren bi dosi hartuak dituztenek. Horregatik diote hirugarren dosia zaurgarriak diren pertsonei eman behar zaiela eta kasu bakoitza ongi aztertuta, eta garrantzitsuagoa dela mundu osoan pertsona denek txerto dosi bat edo bi hartzeko aukera izatea, gu bizi garen eremuan jende guztiak hirugarrena hartzea baino.
Txertoaren hirugarren dosia abian da eta Espainiako Gobernuak adierazi duenez, laugarren dosia ere ezarriko zaie arrisku taldekoei. Europako Medikamentu Agentziako kide den Marco Cavalerik urtarrilaren 11n adierazi zuen “estrategia hau epe luzera ez dela jasangarria (...). Ezin dugu jarraitu hiru edo lau hilero gizarteari orokorrean dosiak ematen”.
Txertoek indartzen dituzten antigorputzak denborarekin galdu egiten dira, eta hori da errefortzu dosiak banatzen jarraitzeko argudioa. Espainiako Inmunologia Elkarteko lehendakari Marcos López Hoyosek azaldu duenez, antigorputzak bi modutara eskuratzen ditu gorputzak: gaixotasuna pasa duelako edo txerto bidez sartu zaizkiolako, “baina antigorputzek denborarekin galdu egiten dute gaitasun neutralizatzailea”.
Antigorputz neutralizatzaileek eragozten dute birusa zeluletara sartzea eta gorputzak infekzioa izatea, baina antigorputz horiek epe mugatuan izaten ditu gorputzak. Txertoaren hirugarren dosiarekin, hein batean, gorputzak gaitasun hori berreskuratzen du, López Hoyosek azaldutakoaren arabera: “Badira datuak diotenak hirugarren dosia hartuta, antigorputzek Omicronen aurrean eraginkortasuna %60 berreskuratzen dutela”. Baina hilabete batzuk geroago, berriro ere antigorputz hauek galdu egiten dira.
Gizakiaren organismoak gaitzei aurre egiteko erreminta bat dira antigorputzak, baina ez bakarra. Inmunitate zelularra ere badu gorputzak, T zelulen bidez batez ere eta honek memoria dauka: iraganean gaitza pasatu duten edo txertoa hartu duten gorputzetan, inmunitate zelularra martxan jartzen da gaitzarekin berriz topo egiten denean. África González inmunologian katedradunak azaldu duenez, “zure antigorputzen maila jaitsi egin bada gaixotu egin zaitezke, baina zure memoria inmunitarioa martxan jartzen da (hiru eta bost egun artean behar ditu) eta berriz antigorputzak eta memoria zelulak sortzeari ekiten diozu; horrela, azkar buelta ematen zaion infekzio txiki bat pasatuko duzu. Baina txertorik hartu ez baduzu edo ez baduzu aurrez birusa pasatu, ez duzu memoria hori garatuta eta infekzio larriagoa izan dezakezu”.
Inmunitate zelular hau aktibatzeko, ez da hirugarren txerto dosirik behar, inmunologo hauen arabera. Beraz, hirugarren dosiaren helburua zein den planteatzen dute: badirudi infekzio kopurua gutxitzea dela Espainiako Gobernuaren helburua, hau da, hirugarren dosia erabili nahi dela antigorputz neutralizatzaileak indartzeko, baina gaixotasunari begira ez luke hainbesteko eraginkortasunik, bi dosiko pauta osoarekin jada gutxituta bailegoke gaixotasuna larri pasatzeko arriskua. José Gómez Rial Konpostelako Ospitale Unibertsitarioko inmunologoak honela azaldu du: “Bi dosi hartuta inmunokonpetentea den pertsonak, inmunitate zelularraren bidez gaitasun bikaina du birusaren edozein aldaerari aurre egiteko, praktikan ikusten ari garen bezala”. Txertorik hartu gabe COVID-a pasatu duten gorputzek ere bereganatua dute inmunitate zelularra.
Artikulu honetan aipatuak diren inmunologoak herritar denei etengabe errefortzu dosiak jartzearen aurka daude. África Gonzálezek ohartarazi duenez, behin eta berriz dosiak jasotzeak “ez du zentzurik eta ez da gomendagarria. Sistema inmunitarioa akitu daiteke”. Gómez Rialen arabera, “ikuspegi inmunologikotik, zentzugabekeria da biztanleria osoarentzako estrategia orokor moduan”. Zaurgarrien kasuan zentzua izan lezakeela dio, baina komeni litzatekeela txertoa Omicron aldaerarako egokitzea eta estuki ikertzea zaurgarrien inmunitate zelularra, alferrikako dosiak ematea saihesteko.
Espainiako Inmunologia Elkarteko hainbat kidek hirugarren dosia orokortzearekin bat egin badituzte ere adierazpen hauek, inmunologia ikuspegitik oinarri-oinarrizko kontua da inmunitate zelularrarena. 2021eko uztailean ARGIAn jaso genituen analisi klinikoetan berezitua den Marisa García Alonsoren hitzak adierazgarriak dira: "Koronabirusa pasa duena txertatzeak ez du ez hanka ez bururik. Immunologiaz gutxieneko oinarria duenak badaki hori". Urtebetean egin zituen analisi klinikoetatik ondorioztatu zuen COVID-19a pasatu duten gorputzek ez dutela memoria immunitarioa galtzen eta beraz, gorputz hori berriz kutsatzen bada, gorputza aurre egiteko gai dela: "Birusa pasatu duen pertsonak, zentzu horretan, zortea dauka, ez du txertoan pentsatu beharrik. Nik txertoa hartu aurretik beti antigorputz proba bat egingo nuke, garbi izateko ez dudala birusarekin kontakturik izan aurretik".
Gara egunkariak berrikitan elkarrizketatu duen Eduardo López-Collazo immunologoa ere norabide berean mintzatu da: "Inmunitate zelularrarekin ez da txertorik behar eta orain arazoa Hirugarren Mundua da".