argia.eus
INPRIMATU
Jennifer Alonso, lan orientatzailea
“Inklusioa lantzeko bide asko dituzte enpresek, aukerak eta denbora besterik ez dira behar”
Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko maiatzaren 06a
Lasarte-Oriako Sutargi lan-sozietatearen egoitzan izan gara Jennifer Alonsorekin,bertan garatzen ari dira DEKOsozial proiektua (argazkia: Dani Blaco / ARGIA)

Sutargin pertsonen laneratze inklusiboa duzue helburu. Baina zer esan nahi du laneratze inklusiboak?

Inklusioak, guztion onerako eta gizarte-kohesiorako balio partekatuak sustatzen ditu; pertsona guztiek bizitza politikoan, ekonomikoan, sozialean, hezitzailean, laboralean eta kulturalean bete-betean parte hartzeko, eta bizi-baldintzez gozatzeko behar diren aukerak eta baliabideak izatean datza. Enpresek argi eduki behar dute inklusioak suposatzen duena, alegia, inklusio erreal bat lortzeko aniztasuna sustatzea beharrezkoa dela.

Normalean bi aniztasun bereizten dira: identitarioa, hau da, pertsona bat gizarte-kategoria bateko kide izatearen zentzuari lotua, izan jatorria, generoa, desgaitasuna... eta kognitiboa, gizakiok pentsatzeko eta arazo bati irtenbidea aurkitzeko ditugun moduak, alegia. Bi aniztasun horiek ondo kudeatuz gero, enpresaren garapena beti izango da hobea.

"Enpresa edo proiektuen ikuspegi eta balioen inguruan hausnartzen hasten garen unetik, gauza asko egin daitezke inklusioari dagokionez"

Desgaitasuna duten edo bazterketa arriskuan dauden pertsonek zailtasunak izaten dituzte, sarritan, enplegu duin bat lortzeko. Zer eskaintzen die zuen enpresak?

Sutargi logika hibridotik jaio zen 1992an: alderdi produktiboa eta teknikoa kontuan hartzen dugu, baina lan-merkatuarekiko harremana sustatu eta laguntza profesionalaren bidez prestakuntza eskainiz, enplegua lortzeko edo sortzeko ere egiten dugu lan.

Desgaitasuna duten pertsonentzat, lan munduratze zuzena eta duina lortu nahi dugu, akonpainamenduaren bidez beraien bizi kalitatea bermatu. Bestetik, bazterketa arriskuan edo bazterketa egoeran dauden pertsonei ere lan munduratzea erraztu nahi diegu.

Horretarako hainbat proiektu dituzue martxan…

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Elkar Ekin Lanean planaren barruan bi proiektu ditugu, eta zeharka, DEKOsocial izeneko proiektua. Hiru proiektuok logika bera jarraitzen dute: lana –produktiboa zein teknikoa–, lan merkatuarekiko harremana, eta laguntza profesionala; beti pertsona erdigunean jarriz.

"Enpresek argi eduki behar dute inklusioak suposatzen duena, alegia inklusio erreal bat lortzeko aniztasuna sustatzea beharrezkoa dela". (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA)

 

"Zalantza handienak administrazio-egoerak erregularizatu ahal izateko izapideei loturikoak dira". (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA)

Prestazio eta formakuntzari loturiko ibilbidea osatzen dute pertsona horiek, lan munduratzea lortu arte. Zein dira ematen dituzten pausoak, eta nolako akonpaiamendua behar dute?

Pertsonaren arabera. Oso garrantzitsua da diagnostiko on bat egitea, jakiteko zein den beharko duen akonpainamendua. Baina normalean, pertsona ezagutu ondoren,  bai alderdi sozial-orientatzailetik eta baita alderdi teknikotik ere, landu beharreko gakoak topatzen ditugu, eta ondoren lan merkatura jotzen dugu.

Bide horretan hainbat gauza egiten dugu: enplegagarritasun diagnostikoa, lanposturako prestakuntza, gizarte-laguntzak, ahalduntzean eta gizarte-partaidetzan laguntzea, enplegua aktiboki bilatzeko plana…  

Beste kooperatiba eta enpresei orientazioa ere eskaintzen diezue. Zein dira ohikoan izaten dituzten galderak edo zalantzak?

Zalantza handienak administrazio-egoerak erregularizatu ahal izateko izapideei loturikoak dira. Gure programetara joaten diren pertsona gehienak administrazio-egoera irregularrean daude, eta horrek esan nahi du urtebeteko kontratua behar dutela erregulazioranzko ibilbide luzea hasteko, guztira 5 urtekoa izan ohi baita. Era berean, orientazioa eskaintzen dugu kolektibo horrentzat momentuan dauden kontrataziorako diru-laguntzen inguruan.

"Kolektiboen arteko hurbilketa sustatzeko jarduerak egin daitezke, sakonago elkar ezagutzeko". (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA)

Eta kolektibo horiek zer dute aportatzeko bereziki enpresan? Gizartea anitza den neurrian, lan munduan ere aniztasun hori edukitzeak nolako onurak ekartzen ditu?

Iraunkortasuna eta erantzukizuna lortzen dira. Beren herrialdeetatik bizi-baldintza hobeen bila ihes egin duten pertsonak dira, eta horrek bakoitzaren onena eskaintzera bultzatzen ditu. Eta noski, aberastasun sozial eta kultural handiagoa ekartzen du: berrikuntzarako aukerak irekitzen ditu, laneko giroa hobetzen du, langileen motibazio handitu, gauzak sortzeko eta ebazteko gaitasun handiagoa –arazo baten aurrean hainbat ikuspuntu egotea onuragarria da–, beldurra, ezjakintasuna eta mesfidantza gainditzea…

"Beren herrialdeetatik bizi-baldintza hobeen bila ihes egin duten pertsonak dira, eta horrek bakoitzaren onena eskaintzera bultzatzen ditu"

Inklusioa lantzeko bide eta modu asko egon daitezke lantokian ezta?

Enpresa edo proiektuen ikuspegi eta balioen inguruan hausnartzen hasten garen unetik, gauza asko egin daitezke. Aniztasuna kudeatzeko planak garatu daitezke, edo langileak hautatzerakoan diskriminazio inkontzientearen eragina murriztu. Bestalde, lanpostu bat eskaintzerakoan bide berriak planteatu daitezke: Landuz, Paifil edo Batzen programak horretarako daude, adibidez. Eta kolektiboen arteko hurbilketa sustatzeko jarduerak egin daitezke, sakonago elkar ezagutzeko. Ideiak, zalantzak eta beldurrak langileen artean partekatzeko guneak sortu…

Sutargik denbora darama bazterketan dauden edo desgaitasuna duten pertsonekin lanean erakunde publikoen laguntzaz, beraien inplikazioa nolakoa da?

Oso garrantzitsua da. Gure finantzatzaile nagusiak dira, eta ekarpen ekonomiko horri esker kalitate handiagoko programak gara ditzakegu.

"Enpresetako arduradunek pentsatzen dute, inor kontratatu ezin dutenez ezin dutela ezertan lagundu, eta hori ez da egia! Inklusioa lantzeko bide asko daude.(Argazkia: Dani Blanco / ARGIA)

Dekosocial proiektua aipatu duzu lehenago. Ingurumena eta inklusioa, ekonomia eraldatzailearen bidez lotu dituzue. Azalduko laburrean zer den?

Eredu jasangarri baterantz egiteko helburuarekiko lerrokatze kontzienteago bat izan du azkenaldian Sutargik, eta horretarako, 2018an ingurumen-arloan abiatu genuen plan estrategikoa daukagu. Urte horretan jarri genuen martxan DEKOsocial proiektua, alderdi soziala eta ingurumena batu eta erronka horri erantzuna emateko.

"Laneratze inklusiboa inklusioaren lerro bat da, baina erronka handiena inklusio sozialarekin datorkigu eta horretan denak dugu zer egina, enpresa eta pertsona garen horretan"

Hasieratik paletetan zentratu ginen, ordura arte hondakina izan zena, baliabidetzat hartzen hasi ginen, altzari jasangarriak, sozialak eta errentagarriak sortzeko. Hain justu, proiektua bere bizian ezagutzeko aukera eskainiko dugu ekainaren 1etik 3ra, ate irekiak egingo baititugu 9:00etatik 15:00etara.

Beterri Saretuzeko partaide bezala, Esperientzia Trukeen saioan hartuko duzu parte maiatzaren 11n. Zer espero duzu ematea eta jasotzea trukean?

Inklusioaz pertsonek eta enpresek dituzten beldurrak ezagutu eta hauek lantzen laguntzea. Alegia, laneratze inklusiboa inklusioaren lerro bat da, baina erronka handiena inklusio sozialarekin datorkigu eta horretan denok dugu zer egina, enpresa eta pertsona garen horretan.

Batzuetan enpresako arduradunek pentsatzen dute, inor kontratatu ezin dutenez ezin dutela ezertan lagundu, eta hori ez da egia! Inklusioa lantzeko bide asko daude. Hausnartzeko aukera eduki eta denbora hartu baino ez dugu egin behar, eta ziur zerbait bururatuko zaigula lan eremu inklusiboagoa egiten lagunduko duena… horretarako dira esperientzia trukeak.