argia.eus
INPRIMATU
PPk irabaziko ditu hauteskundeak Espainian, PSOEk baino bi eserleku gehiagorekin
  • Hirugarren indarra Vox izango litzateke,6 eserlekurekin, eta bat gutxiagorekin Podemos. Orain Errepublikak koalizioak Podemosek adina boto eskuratuko lituzke. Emaitzak 23:00etatik aurrera ezagutaraziko dira, orduan itxiko baitira azken hauteslekuak Italian.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko ekainaren 09a

PPk irabaziko lituzke hauteskundeak Espainiako Estatuan, hauteslekuak itxi orduko Espainiako telebista publikoek kaleratu duten inkestaren arabera. Duela bost urte 13 eserleku lortu zituen, eta 21-23 artean aurreikusten dizkio Sigma Dos enpresak. Ondoren, PSOE; egun dituen 21ak mantenduta.

Hirugarren indarrari dagokionean, aldaketa letorke: izan ere, Ciudadanos alderdiak ez luke eserlekurik lortuko, eta Vox izango litzateke hirugarrena, bi edo hiru ordezkari gehiago lortuta. Jarraian Sumar eta Podemos, edo Podemos eta Sumar; bien artean duela bost urte Podemosek lortu zituen adina lortuko lituzkete.

Gainontzean, Orain Errepublikak (EH Bildu-ERC-BNG) koalizioak bere hiru eserlekuak berma ditzakeela uste du inkestak, eta CEUS (EAJ-Coalición Canaria) koalizioak eutsiko lioke ordezkari bakarrari. Juntsek, berriz, jaitsiera edukiko luke –3tik 1era–.

Eskuin muturreko talde berri batek Orain Errepublikak koalizioak adina eserleku lor ditzakeela ere badio inkestak. Se acabó la fiesta deituriko alderdiak, Alvise Pérez eskuin muturreko youtuberra buru, 2-3 ordezkari lortuko lituzke.

RTVEtik hartua.