argia.eus
INPRIMATU
(In)justizia sistema patriarkalaren aurrean, Nekane, guk sinisten dizugu!
  • Orain arteko bidea ez da erreza izan Nekane Txapartegirentzat. 18/98 sumarioaren epaiketaren harira, 2007an, torturapean egindako testigantzetan oinarrituz 11 urteko espetxe zigorrera kondenatua izan zen. Gauzak horrela, Euskal Herritik alde egitera behartuta ikusi zuen bere burua; halere, euro aginduaren eta estradizio eskaeraren ondorioz, 2016an atxilotua izan zen.

Euskal Herriko Bilgune Feminista 2019ko maiatzaren 22a

Kasu horrek, Suitzan bertan, babes sare eta elkartasun uholde izugarria eragin zuen. Mugimendu feministak zein emakume ezberdinek bultzatu zuten #FreeNekane plataformaren bidez, kanpaina internazionala bihurtu zen honako mugimendua honek, 2017an, Nekane Txapartegiren kondena murriztea eta ondorioz, beraren kaleratzea eragin zuen.

Egun, ezkerreko mugimendu sozialetan zein mugimendu feministan lanean jarraitzen du Nekanek. Lora Irratiko emakumeen saileko ardura izateaz gain, Suitzako emakume, migrante zein errefuxiatu politiko feministaz osatutako F.I.S.T izeneko espazio feministaren bultzatzaileetako bat izan da.

Gaur, Nekane berriro ere arrisku egoeran da! Berriro ere, bere askatasuna eta bere bizitza kolokan ikustera behartua dago. Audientzia Nazionalaren agindupean eta Suitzako gobernuaren laguntzaz, Estatu espainiarrean ireki berri dioten beste kasu batengatik deklaratzera deitua izan da Suitzan. Beste behin ere, jazarpen politikoaren adierazle eta justizia patriarkalak tortura sexista babesten jarraitzen duenaren adibide argia dugu. Ezin ahaztu daiteke, Nekanek irmoki salatu dituela tortura sexistak eta espetxearen izaera patriarkal zein sexista.

Nekane berriro ere arrisku egoeran da! Berriro ere,
bere askatasuna eta bere bizitza kolokan ikustera behartua dago

Tortura sexista emakumeonganako indarkeriaren beste adierazpen bat da, emakumeon osotasun fisikoan eta psikologikoan eragiten duena zuzenki. Emakumeen kasuan, ugariagoak izan dira inkomunikazio aldietan eraso sexualak jasotzeko mehatxuak, galdeketak biluzik egitea, ukitzeak, bortxaketak, tortura psikologikoak, irainak, e.a. Hauek denak, patriarkatuaren oinarria den sexu bereizkeria iraunaraztea eta indartzera bideratutako indarkeria adierazpenak dira. Hori ez ezik, urteetan zehar estatuak babestutako indarkeria izan da.

Hortaz, Euskal Herriko Bilgune Feministako kideok, ozen aldarrikatu nahi dugu, hau ez dela gure bakea! (In)justizia patriarkala jo puntuan jarri dugun honetan, Euskal Herriko Mugimendu Feministatik ere, jarraituko dugu bakegintzan eta gatazkaren konponbidean urratsak ematen, espetxe sistemaren inguruko gogoetak egiten, zigor sistemaren berdefinizio bat hauspotzen, (in)justizia patriarkalaren aurrean justizia feminista eraikitzen; eta batez ere, minak zein zauriak sendatzen, erreparatzen, aitortzen. Ez eduki zalantzarik, guk sinisten dizuegu.

Elkartasun feministak ez du mugarik! Euskal Herritik Suitzara besarkadarik beroena Nekanerentzat! Animo, zurekin gaude!

Nekane aske!

Euskal preso, iheslari eta deportatu politiko guztiak etxera!