argia.eus
INPRIMATU
Justizia patriarkalaren aurkako aldarria nagusituko da azaroaren 25ean
  • Euskal Herriko Mugimendu Feministak prentsaurrekoa egin du asteazkenean, Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako egunari begira antolatutako manifestazio deialdien berri emanez.

ARGIA @argia 2018ko azaroaren 21
(Argazkia: Donostiako Feministak)

Sistema judizialaren erabakiekin “nazkatuta”, Donostiako epaitegien aurrean egin dute agerraldia Euskal Herriko Mugimendu Feministako ordezkariek. Bertan azaroaren 25erako Euskal Herriko hiriburuetan antolatu diren manifestazioen berri eman dute, eta deialdien lemak adierazten duenez, justiziaren izaera patriarkalaren kontrako aldarria nagusituko da hauetan. “Injustizia patriarkalaren gainetik, saretze feminista!” leloarekin abiatuko dira manifestazioak igandean Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea eta Baionatik.

“Justiziak, ustez, babestu egiten gaitu, eta kontra egiten dio indarkeria matxistari; baina, benetan, heteropatriarkala da, eta halako logika bortitz, zapaltzaile eta baztertzaile batzuetan oinarritzen da”, salatu dute agerraldian. Ez dira justiziaren alorrera mugatu ordea, erakundeak, orokorrean, interpelatu baitituzte. Hauek indarkeria matxistaren aurrean darabiltzaten diskurtso eta minutuko isiluneek eraginik ez dutela azpimarratu dute, eta indarkeria matxistaren kontra egitearen ardura guztiona dela esan arren konponbiderik ematen ez dutela eta emakumeak bakarrik uzten dituztela salatu.

Bestalde, emakume guztien borrokekin bat egiteko baliatu dute agerraldia, eta greban dauden garbitzaileekin bat egin: “Gure babesa agertu nahi diegu lan arloko borrokak egiten ari diren emakume antolatu horiei guztiei, batez ere, zerbitzuen sektorekoei”.