argia.eus
INPRIMATU
Iñigo Urkullu lehendakariak hauteskundeak aurreratu ditu apirilaren 5era
  • Arratsaldeko 16:00etan hedabideen aurrera azaldu da Iñigo Urkullu lehendakaria bere gobernuko sailburuez inguratuta herritarrei jakinarazteko ofizialki amaitutzat ematen duela legealdia eta Legebiltzar berria osatzeko hauteskundeak deitu dituela apirilaren 5erako.

ARGIA @argia 2020ko otsailaren 10

Legealdia amaitutzat emateko hainbat faktore aipatu ditu Urkulluk prentsaurrekoan, tartean aipatuz Espainiaren gobernagarritasunaren egoera, Elkarrekin-Podemosekin elkarlanean jarduteko aukeren zalantzak, Legebiltzar barruan dauden Autogobernu eta Elkarbizitza batzordeen egoera, eta abar. Ukatu du Katalunian hauteskundeak aurreratzeko aukerak eragin duenik bere erabakian.

Zaldibarko istripuaz galdetuta eta zehazki kazetariek aipatuta hainbat jendek deitoratu duela lehendakariaren erreakzio falta krisi larri horren aurrean, Urkulluk garbi adierazi ditu bi gauza: batetik, bere estiloa ez dela hondamendi natural bat edo lan istripu bat gertatzen denean han bere burua erakustera azaltzera, eta bestetik, ostegunetik bertatik daukala krisi-mahaia martxan Jaurlaritzak arazo hori bideratzeko. Xehetasunetan sartuta, lehendakariak jakinarazi du istripuaren albistea zuzenean Barne sailburuak eduki zuela lehenbizi eta justu albiste hura jaso zuenean sailburuarekin bilduta zegoela aurrez aurre.

Iñigo Urkulluk esan du fisikoki Zaldibarren egon ez den arren, eten barik dagoela han Jaurlaritzako ordezkariak ari diren neurrian, eta familiekin hauek behin eta berriro egon direla egunero. Aurreratu du prentsaurrekoaren ostean, 17:00etan bilduko dela jarraipen batzordea, bertan egongo direlarik –lehendakaria bera buru– Jaurlaritzako lau sailburu, Bizkaiko Aldun Nagusia eta Ingurumen sailburua eta Zaldibar, Ermua eta Eibarko alkateak.