EAEko lehendakariak Kantabria, Asturias eta Galiziako presidenteak deitu ditu bilkura batera, besteak beste, egoera aztertzeko abiadura handiko trenak Hendaian oraingoz konexiorik izango ez duela-eta.
Kantauriko gailurra deitu diote astelehenen honetako EAEko, Asturiasko, Kantabriako eta Galiziako presidenteen arteko bilerari. Iñigo Urkulluk proposatuta bilduko dira, eta besteak beste, aztergai izango dute abiadura handiko trenaren eraikuntzan izaten ari diren atzerapen handiek izango duten eragina.
Bileraren helburua Espainiako Gobernuaren aurrean "batasun irudia" ematea da, lehendakaritzako iturriek azaldu dutenez. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, Urkulluk "kezkaz" jarraitzen du AHTren konexiorik ezaren gaia, eremu Atlantikoko lurraldeak "baztertuta" geratu daitezkeelako.
Frantziako Gobernuak pasa den urtarrilean jakinarazi zuen, txosten baten bidez, Akize eta Irun arteko ibilbidearen eraikuntza 2030. urtetik 2042.era atzeratuko duela. Haatik, Urkulluren exekutiboak bi hilabete geroago piztu ditu alarmak; AHTren obrak 2009an hasi ziren egiten Arabako Urbina herrian.
Ekopol EHUko ikerketa taldearen arabera, Bordeletik hegoaldera dagoen biztanleria dentsitate baxuak eta gaur egungo bidaiari eta merkantzia kopuruak ikusita, sinesgaitza da abiadura handiko trenbide bat ekonomikoki –are gutxiago sozialki– errentagarri izatea korridore Atlantikoan.
Erriberabeitiko herritarrak, alternatiba eske
Erriberabeitin elkarretaratzea egin dute hango herritarrek, Gasteiz eta Burgos arteko AHTren lanak esleitu direlako eta azpiegitura horrek kalte handiak ekarriko dizkielako herrian.
Azaldu dutenez, Erriberabeitik jadanik autopista eta errepide ugari igarotzen dira, eta saturazio maila handia dute udalerrian. Hala, Arabako eta Nafarroako tren sozialaren aldeko plataformak egindako alternatibaren alde agertu dira, egungo trenbidea egokitu eta modernizatzea proposatzen baitu.
"Ez dugu nahi gure lurraldean beste orbain bat egoterik", azaldu dute, Hala Bedi irratiak jaso duenez.