argia.eus
INPRIMATU
Iñigo Urkullu:
“Ez dakit asmatu dugun esplikatzen zergatik hartu ditugun hartutako neurriak”
  • Politika Orokorrari buruzko Eusko Legebiltzarreko oso bilkuran, EAEko lehendakariak autokritika egin du pandemiaren kudeaketaz, eta “egoera berria eta ezezaguna” izan dela jarri du akatsak egiteko arrazoien atzean.

ARGIA @argia 2021eko irailaren 16a

Eusko Legebiltzarreko ikasturteari hasiera ematen dion Politika Orokorrari buruzko ostegun honetako Osoko Bilkura, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak abiarazi du, bere hitzaldiarekin. Lehendakariak Covid-19ak sorturiko egoeraren aurrean izandako hainbat jokabide eta hartutako neurrien inguruan, autokritika tonuaz hitz egin du lehenik: “Aitortu  behar da agintariok ez dugula denetarako  erantzunik, eta horrelako egoera batean, proba-errore metodoarekin jardun dugula” , adierazi du. “Akatsez” hitz egin duen arren, neurriak desegokiak izan ote diren baino, horiek ez direla ondo ulertu ondorioztatu du: “Ez dakit asmatu dugun esplikatzen zergatik hartu ditugun hartutako neurriak”.

Kirol-zelaietan aforoa %30etik %60ra igotzeko EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epaiaren ostean, halakoak “errespetuz” hartuko dituztela azaldu du eta “osasun publikoa” bermatzeko lanean jarraituko dutela. “Covid-eklipsea”-ren ondorengo faseko susperraldi ekonomikoaren eta aurrekontuen inguruan hitz egin du horren jarraian.

Subiranotasunetik 1839ko foruetara

Erabakitzeko eskubideaz ere mintzatu da EAEko lehendakaria, ez hitz horiek erabiliz, baizik eta mende eta erdi atzera egin eta 1839an foruak abolitu zituen legeak behin betikoz indargabe utzi eta “1839 aurreko burujabetzara itzultzea” defendatuz.

Kontzertu Ekonomikoaren eredutik abiatuta  Euskal Kontzertu Politikoaren aldeko defentsa sutsua egin du Urkulluk: “Itun berri bat lortzeko aukera dugu, gure errealitate nazionala, euskal autogobernuaren berezitasuna, Estatuarekiko aldebiko harremana finkatzen duena”, esan du. Horretarako Eusko Legebiltzarrean autogobernuaren inguruko “kontsentsu irmo” bat adostu beharko litzateke bere ustez.

Pandemia “bakarrik kudeatu”

Oposizioaren txandan, Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak lehendakariari leporatu dio pandemia “bakarrik kudeatzeko” erabakia hartu izana eta “ausardia falta” ere sumatu dio ganbera horretan egindako hitzekin.  PSOE-EEko Eneko Anduezaren aburuz, berriz, pandemiari erantzun egokia eman dio Jaurlaritzak –gobernuko bazkide da bere alderdia– eta Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko ordezkariak “elkarrizketa eta akordioa” defenditu ditu, baina gogorarazi du euren proiektu politikoa eta Eusko Jaurlaritzak babesten duena desberdinak direla guztiz.