argia.eus
INPRIMATU
Iñigo Urkullu baztertu eta Imanol Pradales proposatu du EAJk lehendakarigai gisa
  • EBBko presidente Andoni Ortuzarrek lehendakarigai berria babestu du, eta alderdiak adierazi du “generazio aldaketa baterako proposamena” aurkeztuko duela urtarrilean. Urkulluk nabarmendu du postua “esku gaztetuetan” geratuko dela, eta bere laguntza eskaini dio.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko azaroaren 27a
Imanol Pradales. // Argazkia: Flickr

EAJk hauteskundeetarako lehendakarigai proposatu du Imanol Pradales, egungo Bizkaiko Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko foru diputatua. Iragan larunbatean jakinarazi ostean, igandean Sukarrietan (Bizkaia) bildu dira lehen aldiz Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu eta Pradales, Sabino Aranaren heriotzaren 120. urteurreneko ekitaldian.

Pradales babestu du ekitaldian EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek, eta nabarmendu du datorren hamarkadan euskal erakundeak gidatuko dituen "belaunaldi berri" baten parte dela, eta “norabide berri baterako urratsa”. Halaber, adierazi du urtarrilean aurkeztuko duela “belaunaldi aldaketa baterako” proposamena, “ideia berriekin”.

Azken egunetako filtrazioei dagokienez, Ortuzarrek adierazi du EAJko kideen artean “tentsioa eragitea” dutela helburu, eta “egia apur bat gezur askorekin” direla: “Gu gurera, batasuna da indarra”.

Kameren eta EAJKo buruzagien aurrean Urkullu eta Pradalesek elkarri emandako besarkadarekin Urkulluren babesa irudikatu nahi izan du EBBak. Lehendakariak adierazi du “ondo baino hobeto” ezagutzen duela Pradales, bere ikasle izan baitzen Portugaleteko Asti Leku eskolan. “Bidelagun” izan direla nabarmendu du Urkulluk, eta gertutik jarraitu duela diputatuaren ibilbidea urteotan. “Behar duenerako” bere “laguntza" eskaini dio.

Lehendakarigai berriaren historiala

Pradales foru-erakundeak egindako azpiegitura-proiektu handien egile nagusietako bat izan da azken hamarkadan. Sacyr eraikuntza-enpresako akziodun izan zen diputatu kargua zuen bitartean, eta horrek polemika piztu zuen 2015ean. Barkamena eskatu behar izan zuen, eta aitortu zuen “ez zela egokiena izan” enpresaren akzioak erostea, erantzukizun instituzional hori izanik. "Akatsa" onartu zuen arren, ez zuen dimititu.

Otegiren erabakia, gaur

Arnaldo Otegik gaur iragarriko du EH Bilduko lehendakarigai aurkeztuko den ala ez, EH Bilduren Mahai Politikoaren bileran. Otegik bere erabakiaren berri eman dio gertuen duen zirkuluari, eta bilerara arte ez da publiko egingo. Azken adierazpenetan, Otegik ez aurkezteko erabakian eragina izan dezaketen arrazoi pertsonalak eta familiarrak aipatu ditu, baina hala ere, nabarmendu du alderdiak nahi izanez gero, hautagai izateko prest egongo dela.