argia.eus
INPRIMATU
Iñigo Muguruza hil da
  • Iñigo Muguruza Irungo musikaria ostegun honetan hil da. Esklerosi anizkoitza zeukan eta gaixotasun hori dela-eta eszenatokiak utzi zituen 2015ean.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2019ko irailaren 05
Iñigo Muguruza Kortatu taldearekin 1987an Egiako gaztetxean (argazkia: Aterpe Irun).

1964. urtean Irunen jaioa, Iñigo Muguruza musikarien familia bateko kidea zen. Bere anaia Ferminekin batera 1984an Kortatu taldea sortu zuen, Euskal Herriko rockaren historian berebiziko garrantzia izan duen banda: punk, ska eta reggae konbinazio elektrikoari esker, 80ko hamarkadako kanta garrantzitsu asko sinatu zituzten.

Talde horretako baxu-jotzailea izan zen eta lau disko argitaratu zituzten, hasieran nagusiki gaztelaniaz kantatuak, Kolpez kolpe (1988) diskoa oso-osorik euskaraz argitaratu arte.

Lan horrek jada iragartzen zuen hurrengo jauzia: Negu Gorriak, rocka, rapa eta beste hainbat estilo uztartuz 90eko hamarkadan zeresan handia eman zuen taldea.

Bigarren talde horretan gitarra jotzera pasa zen Iñigo Muguruza eta oraindik denbora geratu zitzaion beste talde esanguratsu bateko kide izateko ere: Delirium Tremens. Hiru aeroplano diskoan bigarren gitarra gisa aritu zen, askoren ustez taldearen albumik onena sinatuz.

Negu Gorriak taldeari jotzeko debekua ezarri ziotenean –Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibileko teniente koronelak salaketa jarri zien, Irungo taldeak droga trafikoan inplikatuta egotea leporatzen zion Ustelkeria kanta argitaratu zuenean–, beste proiektu batean murgildu zen ostegun honetan hil den musikaria: Joxe Ripiau.

Beste erregistro batzuetara egin zuen salto Muguruzak, musika bero eta dibertigarria eginez. Lehenbiziko aldiz taldeko ahots nagusia izan zen gainera, baxua jotzeaz gain. Jabier Muguruza anaia ere batu zen egitasmo horretara eta lau disko argitaratu zituzten 1996tik 2000ra bitartean, tartean Paradisu zinema izenekoa, zeinean kanta bakoitza film baten tematikaren inguruan osatu baitzuten, Muguruzaren zinema zaletasuna agerian utziz.

Beste hiru taldetako kide ere izan zen 2000ko hamarkadatik aurrera: Sagarroi, hasieran hardcore estiloa egiten hasi zena gerora ska doinu mestizoetara pasatzeko; Lurra, doinu akustikoak landu zituen taldea; eta Hiru Leike, Ane Odriozola eta Paula Andraderekin batera sortutako taldea.

Lurra taldeko kide zenean iragarri zuen esklerosi anizkoitza zeukala eta gaitz hori dela-eta etenaldia egingo zutela. 2017an talde hura desegin ondoren musika egiten jarraitu zuen ordea.

54 urterekin hil da belaunaldi oso baten soinu bandan ezinbesteko figura izan den musikaria.