argia.eus
INPRIMATU
Lamarca: “Etxegabetzeak gelditzeko gehiago egin dezakete erakundeek”
  • Iñigo Lamarca EAEko Arartekoa ETB1eko Euskadi Galdezka saioan izan zen atzo. Besteak beste, etxegabetzeen aferari buruz galdetu zioten herritarrek eta Lamarcak adierazi zuen erakundeek gehiago egin dezaketela horiek geldiarazteko.

     

ARGIA @argia 2013ko otsailaren 07a

“Eskatzen ari gara [Espainiako] Estatu mailako hipoteka-legea aldatzea gaur egun dauden arazoei bestelako erantzuna emateko”, adierazi zuen Lamarcak. “Soluzioak egon badaude etxe kanporaketak gertatu gabe”.

Arartekoak uste du problemari irtenbidea emateko “gehiago egin daitekeela eta gehiago egin beharko litzatekeela”.

Finantza eta ekonomia krisiaren hasiera zein izan zen ere gogora ekarri zuen atzoko saioan: “Egin dezagun historia pixka bat: sistema finantzarioak sortu du [krisia]. Gogoan izan dezagun 2008aren bukaeran Estatu Batuetan ia-ia lehertu egin zela hango sistema finantzarioa eta gero krisi hori Europara etorri zen. Eta horrek beste krisi batzuk ekarri zituen berarekin, baina guztiak sistema finantzarioarekin zerikusia dutenak”.

Horren aurrean  agintea daukatenek, “nork bere eskumenaren barruan”, legeak “aldatu, hobetu eta zorroztu” beharko lituzketela uste du EAEko Arartekoak, finantza-erakundeak modu egokiagoan kontrolatzeko. “Gaur egun oraindik sistema finantzarioa, botere ekonomiko handiak dira agintea daukatenak. Horrek ezin du horrela jarraitu”.