argia.eus
INPRIMATU
Iñigo Lamarca: “Herrizaingo Sailak ez du Cabacas eta Nafarreteren inguruko informaziorik zabaldu”
  • Iñigo Cabacas eta Xuban Nafarreteren kasuetan “indarkeria” justifikatu gabea dela adierazi du Iñigo Lamarca EAEko Arartekoak. Barne Saila kritikatu du informazioa “ukatu” eta gaia ez jorratzeagatik.

Ainhoa Mariezkurrena Etxabe 2012ko abenduaren 05
Cabacasen hilketa salatzeko manifestazioa apirilean.

Iñigo Lamarcak atzo atera zuen Iñigo Cabacas eta Xuban Nafarreteren kasuen ikerketaren emaitza, 52 orrialdekoa. Herrizaingo Sailaren laguntzarik ez duela jaso adierazi du, baina legeak babestutako ikerketa dela: “Barne Sailak ez du justifikatu indarkeria eta gomazko piloten erabilera.”

Era berean, Herrizaingo Saila salatu du “gai honek behar zuen ikerketa eta kontrolari ez erantzuteagatik eta eskatutako informazioa ukatzeagatik”. Ertzaintzaren interbentzioaren inguruko ikerketa “sakona, inpartziala eta zorrotza” egitea eskatu du Arartekoak eta informazio hori familiei plazaraztea.

Gomazko pilotak debekatzeaz gain, “indarkeriarik gabeko metodoak” bultzatzea eskatu dio txostenean Herrizaingo Sailari, indarkeriaren aurkako alternatiba bezala. Metodo horiek polizien heziketan gehitzea proposatu du. Materialaren aurretiko kontrola egitea ere planteatu du, bakoitzak zer erabili duen jakin ahal izateko. Erantzukizuna norberarena litzateke horrela.

Elkarretaratzea Cabacasen alde

Apirilaren 5ean Athletic-en partidu baten osteko iskanbila batean Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek hil zuen Iñigo Cabacas. Zortzi hilabete pasa dira eta familiak elkarretaratzea deitu du, igande honetarako. Era berean maiatzaren 20an gai horren inguruan protesta egin zuten lau gazteren epaiketa salatuko dute. "Ez dago eskubiderik" lelopean bilduko dira.