argia.eus
INPRIMATU
Iñigo Gutierrez euskal presoa berriz espetxeratuko dute, hirugarrenetik bigarren gradura pasata
  • Bi aste eta erdi zeramatzan hirugarren graduan, Zaballako Gizarteratze Zentroan, Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak hala erabakita. Orain, ordea, Espetxe Zaintzako epaile batek ebatzi du kartzelara itzuli beharko duela, bigarren gradura atzera eginda. Izadi hiru urteko alabaren bi gurasoak kartzelan egongo dira berriro.

ARGIA @argia 2022ko otsailaren 14a

Etxerat-ek jakinarazi du Iñigo Gutierrez Algortako euskal presoak kartzelara itzuli beharko duela, bigarren gradura pasatuko dutelako. Bi aste eta erdi zeraman espetxetik kanpo, Zaballako Gizarteratze Zentroan, izan ere, Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak erabaki zuen hirugarren gradua ematea.

Dena dela, Espainiako Auzitegi Nazionalaren mendeko Espetxe Zaintzako epaileak ebatzi du bigarren gradura itzuli beharko duela. Naiz-ek zehaztu duenez, “barkamena eskatu ez izana” da arrazoietako bat. Etxeratek salatu du presoaren eskubideak kaltetzeaz gain haren gertukoei ere eragingo diela; hain zuzen, Izadi hiru urteko alabak berriro bi gurasoak kartzelan izango ditu (Maria Lizarraga ama Zaballako espetxean dago).