argia.eus
INPRIMATU
Iñigo Cabacasi buruzko dokumentala estreinatuko dute ostegunean
  • Iñigo Cabacas. Crónica de una herida abierta (Iñigo Cabacas. Zauri ireki baten kronika) filma ostegunean estreinatuko dute, Bilborock aretoan. Naiz.info-k berriz, hilaren 22an eskainiko du. Ertzaintzaren pilotakada batek hil eta urtebetera, Cabacasi gertaturikoa lekukoen bidez kontatzen du Karlos Trijuequek ekoitzitako dokumentalak.

     

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2013ko apirilaren 16a

Athletic-ek Schalke 04 taldearen aurka jokatu behar zuen partiduak sortutako festa giroarekin hasten da dokumentala. Pasarte honetan, egunkarietako albisteak, lagunen lekukotzak eta hainbat jokalariren hitzak tartekatzen ditu lanak (Carlos Gurpegui edo Andoni Iraolarenak, adibidez).

Ondoren, filmaren zatirik garrantzitsuena dator: Basauriko gaztea hil zuen Ertzaintzaren karga.  23:30ak aldera gertaturikoa eta unea nola bizi izan zuten Cabacasen lagunek beraiek kontatzen dute lanean. Laia eta Robertoren hitzak ere entzun daitezke. Cabacasen kale berean zegoen Malagako bikote honek ertzainen jarrera kritikatzen dute filmean, egoera kontrolpean zegoenean tiroak jaurtitzeagatik.

Azkenik, dokumentalaren hirugarren zatiak kargaren osteko egunak jasotzen ditu. Tartean dira, adibidez, Iñigoren aita Manuel Cabacasen hitz gogorrak, Iñigo lehenengo egunetik hila zegoela esanez, edota Rodolfo Ares orduko Barne sailburuaren azalpenak.

Gertatu zena deskribatzeaz gain, "jazotakoa argitzea eta erantzukizunak eskatzea" ere badu helburu dokumentalak.