argia.eus
INPRIMATU
Iñigo Cabacasen hilketaren gaineko epaiketa astelehenean hasiko da
  • Ertzaintzaren pilotakadaz hil zen Iñigo Cabacas 2012ko apirilaren 5ean. Sei urte eta erdiren ostean, epaiketari bide emango zaio.

ARGIA @argia 2018ko urriaren 12a

Urriaren 15eko astelehenean hasiko da ahozko epaiketa EAEko Auzitegi Nagusian, eta azaroaren 9a arte iraungo du. Sei ertzain epaituko dituzte “zuhurtziagabekeria larrizko hilketa” delituagatik. Akusatuetako hiruk arduraren bat izan zuten polizia operazioan, eta beste hiruk tiro egin izana aitortu dute.

Kasuaren gaineko ikerketaren arabera, 2012ko apirilaren 5eko polizia operazioan Ertzaintzat ez zuen proportzionalki jokatu. Fiskalak, baina, ez du deliturik ikusten gau hartan Ertzaintzak egindako esku-hartzean, eta ondorioz delitugilerik ez dagoela defendatu du.

Akusazio partikularrak lau urteko kartzela zigorra eta sei hilabeteko gaitasungabetzea eskatzen du polizia agente bakoitzarentzat.

Cabacasen familiak eta Iñigo Gogoan plataformak salatu dutenez, trabaz beteriko prozesua izan da orain artekoa. Eta gehitu dute hilketaren “arduradun” guztiak ez direla eseriko akusatuen aulkian, egun hartako polizia operazioaren arduraduna kasu, Ugarteko goitizenez ezaguna dena.

Mobilizazio deialdia

“Justizia Iñigorentzat!” lemapean, epaiketaren ataritan mobilizatzeko deia zabaldu dute. Igandean, urriaren 14an, elkarretaratzea egingo da Justizia Jauregiaren aurrean, 19:00etatik 20:00etara. Igandetik astelehenerako gaua Albiako lorategietan igarotzeko gaubela antolatu dute, eta astelehen goizean, epaiketaren lehen egunean, bigarren elkarretaratze bat egingo da 08:00etan, Justizia Jauregi parean.