Cabacas auziko epaia salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte Bilbon asteazkenean eta igandeko manifestazio handirako deia egin dute. Gasteizen mobilizazioekin jarraituko dute ostegunean.
Bizkaiko Lurralde Auzitegiak Iñigo Cabacasen heriotzaren auzian azaroaren amaieran helarazi zuen epaiak hautsak harrotzen jarraitzen du Euskal Herriko toki askotan.
Bilbon, Cabacasen senide eta lagunek elkarretaratzeak egin dituzte asteazkenean. Ertzaintzaren Deustuko komisaldegi aurrean, Bilboko epaitegien barruan eta Eusko Jaurlaritzaren delegazioaren barnean burutu dituzte protestak. Epaiaren “inpunitatea” salatu dute.
Epai "bidegabe" horren aurka mobilizatzen jarraituko dutela ere argitu dute bertan. Ildo beretik, abenduaren 16an 12:00etatik aurrera, Justizia Jauregitik Lakuako Gobernuak Bilbon duen egoitzara egingo den manifestazio “handian” parte hartzeko deia egin dute.
Gasteizen ere mobilizazioak antolatu dituzte Gaztetxea, Iraultza 1921, Indar Baskonia, Negeak eta Ernaik ostegun arratsalderako. Gasteizko epaitegietara zabor-poltsa batekin joateko deia egin dute antolatzaileek, “Esta justicia es basura” lemapean egingo duten manifestaziora.