argia.eus
INPRIMATU
Iñigo Cabacasen gurasoek Erkorekari galdegin diote ea ez duten aitortzarik merezi
  • Abenduaren 15ean Ertzaintzak artxibatu egin zuen Cabacasen hilketari buruzko barne ikerketa, eta gurasoek gutun batean adierazi dute “harridura eta atsekabea” eragin ziela erabakiak. Josu Erkoreka Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari leporatu diote euren samina areagotu izana egindako adierazpenen eta hartutako erabakien bidez.

Leire Artola Arin 2022ko urtarrilaren 19a
Fina Lizeranzuk eta Manu Cabacasek Erkorekari aurrez aurreko bilera eskatu diote. / Argazkia: Publico.es

Apirilean hamar urte beteko dira Iñigo Cabacas hil zutela Ertzaintzaren pilotakada batekin, Bilboko Indautxu auzoan. Bada, haren guraso Fina Lizeranzuk eta Manu Cabacasek gutun batean salatu dute euren “mina sakondu” besterik ez dutela egin urte hauetan guztietan.

Berria egunkariak osorik argitaratu du gutuna, eta honela zuzendu zaizkio gurasoak Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari, gogoeta indibidual eta instituzionala bultzatuz: “Zer egin duzue zuek? Zuetako inork eskatu al du barkamenik edo esan al du sentitzen duela gertatutakoa? Aitortu al duzue egindako mina? Esan al duzue gertatu zena ez zegoela ondo edo ez zuela inoiz gertatu behar? Eskatzen dizuegu zintzoki gogoeta egin dezazuela eta esan diezaguzuela ea guk eta gure semeak, Iñigok, ez ote dugun merezi aitortza horietako bakar bat ere”.

Legebiltzarreko agerraldian eragindako oinazea

Cabacasen gurasoek Erkorekari jakinarazi diote “kalte eta oinaze izugarria” eragin ziela abenduaren 15ean Eusko Legebiltzarrean egindako adierazpenek. Egun hartan Segurtasun sailburuak komunikatu zuen Ertzaintzak artxibatu egin zuela Cabacasen auziari buruzko barne ikerketa, eta gurasoek Legebiltzarrean bertan jakin zuten berria, “harriduraz eta atsekabez”. “Ikaragarritzat” jo dute, hasteko, justiziarik eman ez izana, eta, gainera, semearen hilketagatik inork erantzukizunik jaso ez izana. Sailburuari eskatu diote familiari helarazteko auziari lotutako dokumentu guztiak, eta aurrez aurreko bilera batean esateko horri buruz "egoki deritzona".

Erkorekari aurpegiratu diote Legebiltzarreko saio hartan enpatia eta hurbiltasuna azaldu ez izana, jakinik Cabacasen familia bertan zegoela. Gogor kritikatu dute elkartasun mezuak soilik ertzainei zuzendu zizkiela sailburuak, inongo momentuan ez Cabacasen senideei.