Omenaldia egin diote Iñigo Cabacasi, bere heriotzaren hamargarren urteurrenean. Iñigo Cabacas Lizeranzu plaza izendatu dute Ertzaintzaren pilotakada batek hil zuen kantoia. Antolatzaileek eta gurasoek herritarren babesa eskertu dute, eta erakundeen “horma” gaitzetsi.
Ehunka pertsonek omendu dute igandean Iñigo Cabacas, Bilboko María Díaz de Haroko kantoian. Bertan hil zuen Ertzaintzak jaurti eta Cabacasi buruan eman zion pilotakada batek. Ekitaldian, Cabacasen lehengusu Oier Amorrortuk eta Iñigo Cabacas herri ekimeneko kide Eneritz Plazak gertaeren egunetik eskatzen duten berbera eskatu zuten berriro ere hamarkada baten ostean: egia, justizia, erreparazioa, eta berriz ere ez errepikatzeko bermeak. “Hamar urteotan instituzioetatik ezezkoak jaso ditugu, beti hitz politekin, baina inongo aitortzarik eta erreparaziorik ez”. Polizia eredua aldatzea eskatu dute, zigorgabetasunarekin amaitzeko, besteak beste.
Epaitegietan ere ez dela justiziarik egin salatu dute. Familiaren abokatu Jone Goirizelaiak izandako “trabak” nabarmendu ditu: “ Fiskalak ez gaitu une bakar batean ere lagundu, eta gertatutakoaren benetako arduradunak epaituen aulkian eser zitezen saihestu du”. Auzi bidea ez dago erabat itxita, ordea, Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Batzordean aurkeztu baitute helegitea.
Bilboko María Díaz de Haroko kantoia Iñigo Cabacas Lizeranzu plaza bezala bataiatzen duen plaka desestaliz eman diote amaiera ekitaldiari.