argia.eus
INPRIMATU
Iñigo Cabacas oroitu dute hil zutenetik 8 urtera
  • Igandean zortzi urte bete dira Ertzaintzak Iñigo Cabacas pilotakadaz zauritu zuenetik, honen heriotza eraginez. Igandean oroitu egin dute gaztea, beronen argazkia paretetan proiektatuz.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 06a
(Argazkia: Ernai Portugalete)

Itxialdiak ez du eragotzi Iñigo Cabacas Liceranzuri omenaldia egitea. Igande iluntzean hainbat eraikinetan proiektatu dute beronen irudia. Bilbon egin ziren hainbat proiekzio, Bilbo Zaharrean kasu:

Alabaina, hirigunetik harago ere hedatu da oroimen ekintza. Behean Portugaleten egindako proiekzioa:

Heriotzaren zortzigarren urteurrena

Apirilaren 5ean zortzi urte bete dira Ertzaintzak Cabacas pilotakadaz zauritu zuenetik; lau egunen buruan, kolpearen ondorioz hil zen gaztea.

Gertakaria Athletic-ek jokatutako futbol partida baten ostean jazo zen. Ertzaintza Indautxuko Kirruli Herriko Taberna kokatuta dagoen etxeartean sartu zen, eta festa giroan zegoen jendearen aurka kargatu zuen. Karga horretan jaurtitako pilotakada batek buruan jo zuen Cabacas, heriotza eraginez.

Egun hartako Ertzaintzaren operatiboaren burua “Ugarteko” izengoitiari erantzuten dion agentea da. Garak eta Naizek Cabacas hil zuten gauean Ertzaintzaren barne-zirkuitutik emandako aginduak argitaratu zituzten, eta bertan entzuten zen Ugarteko, indar osoz Indautxuko Herriko taberna dagoen kalexkan sartzeko aginduz.

2018ko urria eta azaroa bitartean burutu zen heriotzaren gaineko epaiketa, eta operatiboaren burua ez zen izen auzipetuen artean. Gauzak horrela, justizia eskariak bere horretan dirau. Igandeko oroimen ekitaldiak ere Justizia Iñigorentzat zuen lelo gisa.