argia.eus
INPRIMATU
Iñigo Cabacas gogoratuko dute Leioako campusean, epaiketa hastear dela
  • Urriaren 15ean hasiko da "Cabacas auziaren" ahozko epaiketa, eta azaroaren 9ra arte iraungo du. Hala, eguazten honetan, urriaren 10ean, manifestazioa egingo dute, Leioako campusean. "Iñigo justizia. Ez dugu sekula etsiko!" goiburuaren pean, 12:00etan irtengo dira, Mikel Laboa plazatik. Iñigo Cabacas Leioa taldeak deitu du mobilizazioa.

Hiruka .eus 2018ko urriaren 10
Hainbat ikasle Iñigo Cabacasen aldeko pankarta egiten (argazkia: Iñigo Cabacas Leioa taldea).

Horrez gainera, eguenean, urriaren 11n, jaialdia egingo dute Bilboko 7Katu gaztetxean, Cabacasen sendiari epaiketaren gastuei aurre egiten laguntzeko. 20:00etatik aurrera izango da jaia.

Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek buruan jo zuen Iñigo Cabacas 2012ko apirilaren 5ean, Athleticen garaipena ospatzen ari zela, eta zauri larriak eragin zizkion. Bost egun geroago hil zen. Auziaren instrukzioa luzea, korapilatsua eta oztopoz beterikoa izan zen, eta, azkenik, Ana Torres Bilboko auzitegiko epaileak epaiketa egiteko tramiteak hasi zituen iazko apirilean, hilketa gertatu eta bost urtera.

Iñigo Cabacas Leioari dagokionez, campuseko ikasle ohia zenaren hilketaren bosgarren urteurrenaren harira antolatutako ikasle-taldea da.

Albiste hau Hirukak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.