2012ko apirilaren 9an hil zuten Iñigo Cabacas. Gertakari horren hirugarren urtemuga dela-eta, Iñigo Gogoan herri ekimenak omenaldirako deia egin du. Ekitaldia apirilaren 11n –larunbata– egingo dute Bilboko Kirruli plazan (Maria Diaz de Haro kalean), Ertzaintzaren pilotakada batek Cabacas hil zuen leku berean.
Ordutik hona 1.095 egun igaro izana gogoratzeko, omenaldian beste horrenbeste globo aireratuko dituzte “1.095 egun justiziarik gabe” esaldiarekin, Iñigo Gogoan ekimeneko kideen esanetan.
Martxoaren 26an emandako prentsaurrekoan, Bikendi Arrausik eta Koldo Gutierrez ekimeneko kideek lotsagarri eta mingarritzat jo zuten Cabacasen hilketari buruzko ikerketarekin gertatzen ari dena. “Heriotza hau argitzeko ematen ari diren urratsak, eskasak baino, gaia argitzetik urrun kokatzen ari dira”, adierazi zuten.
Erakundeei gertakaria zuritzeko ahaleginean aritzea leporatu zieten Arrausik eta Bikendik, eta gomazko piloten erabilera behi betiko baztertzea eskatu zuten, Cabacasen hilketa bezalako gertakariak berriro gerta ez daitezen.