argia.eus
INPRIMATU
Ingurumenaren aurkako erasoengatik Euskal Herriko lau foku seinalatu ditu Ekologistak Martxanek
  • Plentziako pantalanaren hedapena, Gaztelugatxeko aparkalekua zabaltzeko obrak, Pasai Donibaneko uren degradazioa eta Donostiako Santa Klara uhartearen biodibertsitatearen aurkako erasoa seinalatu dituzte.

     

Mikel Eizagirre 2020ko uztailaren 02a
Donostiako Santaklara uhartea. Argazkia: Wikimedia Commons

Ekologistak Martxan erakundeak aurten argitaratutako Bandera Beltzak txostenean ingurumenarentzat kaltegarriak diren aipaturiko lau foku atzeman dituzte Euskal Herrian. Jarduera logistikoak, turismoak edota eraikuntza planek eragindako kalteak dira.

Plentzia

Euskadiko Kirol Portuak (EKP) erakundeari, Plentziako Udalari eta Gobernuari kutsaduragatik “bandera beltza” jarri diote. Plentziako pantalana handitzeko proiektua da horren arrazoi nagusia. Ekologistak Martxanen ustez, “egiturazko gabezia ugari” ditu egitasmoak. Gainera, gogora ekarri duenez, inguruko bizilagunek eta SOS itsasadarra plataformaren inguruan biltzen diren tokiko eragileek maiz erantzun diote eraikuntza-lanari. Jaurlaritzaren bide-orri “desarrollista” deitoratu dute, Plentziako itsasadarreko ekosistemari “kalte” egingo liokeelako, dagoeneko nahiko kaltetuta egonik.

Gaztelugatxe

Bermeon ere kokatu dute bandera beltza, izan ere, Bizkaiko Diputazioak eta Eusko Jaurlaritzak Gaztelugatxeko aparkalekua zabaltzeko proiektua martxan jartzeko asmoa zutela gogorarazi dute. Txostenaren arabera, asmo horren ikuspegia “epe laburrekoa” da erabat, Game of Thrones telesaila bertan filmatu izanak ekarritako turismo-olatuak koiunturalki sortutako beharrari baino ez baitzion erantzungo. Bertako bizilagunek proiektua irmoki ukatu dutenez, atzera bota behar izan zuten azkenean. Dena den, Ekologistak Martxanek salaketa mantendu du.

Pasai Donibane

Pasai Donibaneko saneamenduaren arazoa “Gipuzkoako eskualde askotan gertatzen den atzerapen larriaren barruan” kokatzen du taldeak. Kasu horretan, herriaren zati baten eta bere inguruaren saneamendua zuzenean Pasaiako badiara doala ohartarazi du, “inolako bilketa eta tratamendu prozesurik gabe”. Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Uraren Euskal Agentziako agintariek eta Pasaiako Udalak, bitartean, behin eta berriz adierazi dute egoera konpontzeko neurriak hartuko dituztela azken hamar urteotan. “Promesa horiek guztiak ez dira bete”.

Donostia

Kontxako badiaren erdian “biodibertsitate puntu bero bat” mantentzen dela azaldu du erakundeak, Santa Klara uhartea. Hiriaren erdian egon arren, “bere ezaugarri natural gehienak mantendu dituen kokalekua” dela argudiatu baitu. Horregatik, Euskadiko Itsasertza Babesteko eta Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren arabera, “babes bereziko eremua” da. Hala eta guztiz ere, Gipuzkoako Aldundiko eta Donostiako Udaleko agintari politikoek eraikuntza lan bat egitea erabaki dute bertan, erakarpen turistikoa areagotzeko. Eraikinaren egokitzapena duela hilabete batzuk hasi zen eta hainbat taldek salatu egin du proiektua.