argia.eus
INPRIMATU
Ingurumenaren aldeko 227 ekintzaile hil zituzten 2020an munduan
  • Erasoen erdia baino gehiago Kolonbian, Mexikon eta Filipinetan gertatu ziren, Global Witness erakundeak emandako datuen arabera. Klima larrialdia areagotzen doan neurrian, "haien lurra eta gure planeta defendatzen duten" pertsonen aurkako indarkeria ere areagotu egiten dela nabarmendu dute txostenaren egileek.

Jon Torner Zabala @jtorner 2021eko irailaren 14a

Erakundeak azaldu du 227 hilketa zenbatu dituela 2020an –orain arteko zifrarik altuena–, baina oso litekeena dela gehiago izatea, ingurumanaren aldeko pertsonek maiz ez dituztelako sufritutako erasoak salatzen.

Hilketa ia denak (226) hegoaldeko herrialdeetan gertatu dira. Bereziki kolpatuak izan dira komunitate indigenak; erasoen herena baino gehiago haien aurkakoak izan dira, munduko biztanleriaren %5 direnean. Hildako hamar pertsonetatik, bederatzi gizonezkoak dira, baina Global Witness erakundeak azpimarratu du badirela indarkeria mota batzuk "generoari lotuta doazenak", sexu erasoak kasu, emakumeek sufritzen dituztenak.

Kolonbiako datuez mintzo, txostenak dio pandemiak egoera okertu baino ez duela egin: "Konfinamendu ofizialak eragin zuen lurraren defendatzaileak euren etxeetan erasotuak izatea, eta gobernuaren babes-neurriak arintzea". Mexikon, erasoen herena inguru baso-ustiapenarekin zegoen lotuta. Bestalde, hilketen %95en kasuan, ez da horiek argitu eta zigortzeko prozesurik abiatu. Filipinen kasuan, "poliziaren eta armadaren errepresio bortitza" aipatzen da, besteak beste.

Erasoen erantzuleak enpresak eurak direla dio aipatu erakundeak, haien eredu ekonomikoak irabaziak lehenesten dituen neurrian, giza eskubideak edota ingurumena baino gehiago. Halaber, gobernuen jokabidea ere salatu du. Dioenez, enpresa horiek ez dituzte ingurumenaren defendatzaileak babesten. Are gehiago, erasoen "konplize" ez direnean, "egileak" dira.