argia.eus
INPRIMATU
Ingurumenaren aitzakia

Patxi Aznar 2021eko irailaren 29a

Berriki, EHUk udako ikastaro batzuk antolatu zituen, klima-aldaketaren gaia jorratzeko. Ingurumeneko foru diputatuak, Asensiok, baliatu zituen ikastaroak erraustegiak klima-aldaketari egindako ekarpen positiboa goraipatzeko, eta hori harrigarria da, gutxienez;  erraustegiak erretako tona bakoitzeko, CO2ko beste bat isurtzen baitu atmosferara. Gainera, diputatuak esan zuen hiri-hondakinen % 100 balorizatzen dela, eta energia horrekin, besteak beste, 50.000 etxe hornitzen direla. Asensiok esan ez ziguna da erraustegiak lortzen duen eraginkortasun energetikoa %30ekoa dela; berrerabiliz eta birziklatuz, berriz, %80tik-90era bitarteko efizientzia lortzen da: Beraz, lorpen honekin erdietsiko liratekeen beste onuren artean: giro osasungarriagoa egongo litzateke, lanpostu gehiago, eta ez genioke ama lurrari agortzen ari den lehengaia txikituko.

"[Ingurumeneko foru diputatu] Asensiok esan ez ziguna da erraustegiak lortzen duen eraginkortasun energetikoa %30ekoa dela; berrerabiliz eta birziklatuz, berriz, %80tik-90era bitarteko efizientzia lortzen da"

Gero, diputatuak gaineratu zuen erraustegiak iragazteko sistema berezi bat erabiltzean ez dagoela isurketarik ingurunera, baina hori ez da egia. Horrelako substantzia arriskutsuen neurketa eskasarekin, hots, hiruhilekoan sei eta zortzi ordu bitartean, diputatuak adierazitakoa ezinezkoa da. Emisioak dioxina, PCB edo metal astunenak badira, prozesua etengabeko  monotorizazio batek kontrolatu behar du. Horren harira, esan behar da egoera txar horren erruduna ez dela soilik foru aldundia, baita Espainiako Gobernua ere; izan ere, beste herrialde batzuek dioxinen eta PCBren inguruko protokoloak egin dituzte, baina Espainiak ez. Espainiak bat egin zuen Johanesburgoko goi-bileran (2000) dioxinarik eta furanorik ez ekoiztearekin, baina 2004an ez zuen akordioa berretsi.

Kontatutakoa gutxi balitz, esan behar da substantzia jakin batzuetarako, partikulak edo nitrogeno dioxidoa izan, erraustegiak baimendutako kutsadura-mugak gainditu zituela probaldian. Atal honetan ere, errekako fauna hil zuen Arkaitz-Errekara amoniakoa isuri zela azpimarratu behar da.

Gai horri buruz, bukatzeko, pare bat gauza. Lehena da Donostiako (%40) eta Bidasoaldeako (%52) bananketa-tasak hain apalak izaten jarraitzen duten bitartean, Gipuzkoako tasa (%55) eskasa izaten jarraituko duela.

Eta bigarrena: hondakinetatik lortutako energiarekin hidrogeno berdea sortzen denez autobus-flota elikatzeko, uste dut horrek autobus-lineen maiztasuna mantentzeko balio beharko lukeela behintzat. Bada, ez da horrela izan, Andoaindik Donostiara doazen autobusen maiztasunak behera egin baitu duela gutxi, 15 minututik 60 minutura. Eta hori hainbat ibilbidetan gertatu da, jendeak autoa gehiago erabili beharko du eta CO2 gehiago ekoitziko du. Beraz, argi dago ingurumen-agintarien kezka kontu bat dela.