Karbono emisioak gutxitzeko legea onartu ala ez bozkatu dute igandean. %51,6k ezezkoa eman du.
Suitzak erreferendum bidez baztertu du klima aldaketari aurre egiteko neurrien proposamena. Karbono emisioak gutxitzeko bi proiektu plazaratu dituzte herri-galdeketan: autoen erregaiei tasa igotzea eta hegazkin txartelei zerga jartzea. Parisko Akordioa betetzeko bidea izango lirateke erabakiak, baina ez dituzte onartu: herritarren %51,6k ezetz esan dute.
Bozkaketa oso estua izan da. Ezekoak bi puntuko diferentziarekin baino ez du irabazi, eta alde eta kontrako iritziak bildu dira. Neurriak baztertzearen aldekoek, larritasuna kendu diote egoerari: Suitzak munduko isurketen %0,1 baino ez duela sortzen nabarmendu dute. Aurkako zentzuan, Simonetta Sommaruga Ingurumen ministroak azaldu du erabakiaren ondoren “oso zaila” izango dela Suitzako Gobernuak Parisko Akordioan onartutako baldintzak betetzea. Alderdi Berdeak, berriz, petrolio eta gas konpainiek irabazi dutela esan du, eta igandean jasotako ezezkoak klima aldaketari aurre egiteko ahalegina “izugarri” motelduko duela.
Garrantzi gutxiagoko beste bi neurri ere bozkatu dira asteburuan. Batetik, pestizida artifizialak debekatzeko legea, eta bestetik, produktu kimikorik erabiltzen ez dituzten laborariei laguntzak ematekoa. Neurri horiek ere ezezkoa jaso dute.
Etorkizunari begira
Reuters berri agentziak esan duenez, Gobernu Suitzarrak adostu zuen 1990eko hamarkadan egiten zituen isurketak erdira jaistea 2030erako. Horretarako, energia iturri berriztagarriak bultzatzeko hautua egin behar zuen, eta erregai fosilen erabilera gutxitzen saiatu, horien gaineko zergak handituz. 2050erako isurketarik ez egitea zen azken helburua.