Atzeko atetik arindu du legedia Espainiako Gobernuak: ikerketa sakonak nahitaez egiteko makroproiektuen energia ekoizpenaren gutxieneko muga lau aldiz handiagoa ezarri du. Energia krisiaren aurrean prozesu administratibo oro azkartu nahi dute erakundeek.
Urtarrilaren 24an onetsiko du araudia Espainiako Diputatuen Kongresuak, okerrik ez bada. Ingurumen inpaktu ebaluaziorik ez da egin beharko aurrerantzean parke fotovoltaiko eta eolikoen kasuan, "afekzio ikerketak" baino ez dira izango. Terminologia aldaketa soila dirudien arren, sektoreko hainbat eragilek salatu dute ez direla behar bezala aztertuko makroproiektuek eragin ditzaketen arazoak. Izan ere, legeak agintzen zuen ikerketa sakonagoa egitea 50 MW edo gehiago ekoiztuko zituen proiektuaren kasuan –Aramaion enpresa norbegiar batek eraiki nahi duen proiektuak eta Artzentalesekoak gainditzen dute zifra–. Orain, ordea, gutxieneko muga 220 MWera atzeko atetik igo du Espainiako Gobernuak 20/2022 legearen bitartez –argi ikus daiteke 22 eta 23. artikuluetan–. Salbuetsita geratuko dira itsas gainean edo zaintza bereziko naturguneetan eraiki nahi diren proiektuak; alegia, ikerketa sakonak kasu horietan soilik mantenduko dira.
Afekzio-jakinarazpenak, enpresen esku
Esaldi bakan batzuk gehiago irakurtzea aski da aurrerantzean jarraituko diren politiken berri izateko. Aipaturiko legeko 22.3. artikuluan zehazten denez, proiektuaren enpresa sustatzailea arduratuko da ingurumenean eragingo dituen kalteak aurreikusi eta erakundeei jakinarazteaz. Puntuz puntu adierazi beharko ditu biodibertsitateari eragingo lizkiokeen kalteak, isuriak izango ote dituen ala ez, ondasun kulturalei kalterik eragingo ote dien edota jarduera sozioekonomikoan izango duen eragina. Dagokion erakundeak dokumentu hori izango du oinarri, eta Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratuko du. Prozesua hor bertan amaitzea aurreikusten da: kalteak "handiak edo txikiak" diren aintzat hartuta, proiektuarekin aurrera jarraitu ala ez erabaki beharko du erakundeak, enpresak emandako dokumenturen baitan. Edo erabaki dezake ere ikerketa propio bat abiatzea.
Gizakiak naturan eragiten dituen kalteak aztertzeaz arduratzen den Espainiako elkarteak prentsa ohar bidez salatu du baimenak azkar emateko politikak nagusitu direla azken urteotan, eta bereziki azken hilabeteotan energia-eskasia agerikoagoa bihurtu delako. Horrez gain, makroproiektuen aurkako plataformak ere kexa adierazi du legedi berriaren inguruan; sinadura bilketa abiatu eta informazioa era xehean eskaini dute hemen.
Hauek dira Eusko Jaurlaritza izapidetzen ari den 15 parke eoliko handiak
"Orain arte eginda dauden eskaera guztiak kontuan hartuta daude Lurralde Plan Sektorialean" baieztatu zuen Arantxa Tapiak sailburuak urtarrilaren 17ko prentsaurrekoan. Aurreratuen dagoena Labrazakoa dela esan zuen.
- “LABRAZA” (Oion). Sustatzailea: Aixeindar. Tramitazioa: Ingurugiro-inpaktuaren Adierazpena. Potentzia: 40 MW.
- “AZAZETA” (Alegria-Dulantzi, Iruraiz Gauna, SanMillán /Donemiliaga, Arraia-Maeztu, Bernedo). Sustatzailea: Aixeindar. Tramitazioa: Ingurumen-ebaluazioaren azterketa teknikoa. Kontsulten 2. fasea. Potentzia: 40 MW.
- Itsas Parke Eolikoa “GEROA” (offshoreArmintza). Sustatzailea: Itsas Wind S.L. Tramitazioa: Espainiako Ministerioak tramitatuko du. Potentzia: 45 MW.
- “CANTOBLANCO” (Añana). Sustatzailea: Euskal Haizie. Tramitazioa: Dokumentazio teknikoa aurkeztuta. Potentzia: 49 MW.
- “ARTZENTALES-SOPUERTA” (Sopuerta, Artzentales, Galdames, Muskiz). Sustatzailea: Euskal Haizie. Tramitazioa: Konkurrentzia erresoluzioa eginda. Proiektuaren eta Ingurumen-Inpaktuaren txostenaren zain. Potentzia: 50 MW.
- “LAS LLANAS” (Gordexola, Zalla, Gueñes). Sustatzailea: Euskal Haizie, S.L. Tramitazioa: Konkurrentzia erresoluzioa datozen egunotan publikatuko da. Potentzia: 36,6 MW.
- “LARRAGORRI” (Orozko, Laudio). Sustatzailea: Grupo Capital Energy. Tramitazioa: Konkurrentzia erresoluzioa eginda. Potentzia: 22,5 MW.
- PIASPE (Azpeitia-Errezil-Zestoa). Sustatzailea: Desarrollo Renovables Iberia PI SLU. Tramitazioa: Konkurrentzia erresoluzioaren zain. Potentzia: 33 MW.
- “TREKUTZ” (Urretxu, Antzuola). Sustatzailea: Grupo Cildal Energy. Tramitazioa: Dokumentazioa aurkeztekotan, aurretiko izapidetze administratiboa abiatzeko. Potentzia: 12 MW.
- “BURUZAI” (Azkoitia, Zumarraga, Urretxu). Sustatzailea: GREEN CAPITAL DEVELOPMENT 65, S.L. Tramitazioa: Dokumentazioa aurkeztekotan, aurretiko izapidetze administratiboa abiatzeko. Potentzia: 18 MW.
- “EZKELZU” (Zizurkil, Usurbil, Donostia). Sustatzailea: GREEN CAPITAL DEVELOPMENT XLIV, S.L. Tramitazioa: Dokumentazioa aurkeztekotan, aurretiko izapidetze administratiboa abiatzeko. Potentzia: 18 MW.
- “KARAKATE” (Soraluze, Elgoibar). Sustatzailea: GREEN CAPITAL DEVELOPMENT 135, S.L. Tramitazioa: Dokumentazioa aurkeztekotan, aurretiko izapidetze administratiboa abiatzeko. Potentzia: 9,6 MW.
- “KASTILLO” (Legutio). Sustatzailea: Grupo Capital Energy. Tramitazioa: Dokumentazio teknikoa aurkezteko luzapena 2023ko otsailaren 18ra arte. Potentzia: 22,5 MW.
- “MIRITXA” (Arratzu-Ubarrundia, Elburgo, Barrundia, Leintz-Gatzaga). Sustatzailea: Grupo Capital Energy. Tramitazioa: Dokumentazio teknikoa aurkezteko luzapena 2023ko otsailaren 26ra arte. Potentzia: 27 MW.
- LA MINORIA. Sustatzailea: ALEIXENDAR. Tramitazioa: Konkurrentzia fasean. Potentzia: 40 MW.
Tramitatzen ari diren hiru parke fotovoltaiko handiak:
- “VITORIA-SOLAR 1” (Gasteiz, Arrazua-Ubarrundia). Sustatzailea: Indarberri. Tramitazioa: Informazio publikoa amaituta. Proiektuaren errebisio kontsulta fasean. Potentzia: 50 MW
- “VITORIA-SOLAR 2” (Gasteiz, Elburgo, Barrundia). Sustatzailea: Indarberri. Tramitazioa: Informazio publikoa amaituta. Proiektuaren errebisio kontsulta fasean. Potentzia: 50 MW.
- LAMINORIA. Sustatzailea: ALEXEINDAR. Tramitazioa: Informazio publikoa amaituta. Proiektuaren errebisio kontsulta fasean. Potentzia: 40 MW.