argia.eus
INPRIMATU
Inguruko abeltzain eta elikagai ekoizleak elkarrizketatu dituzte Otsagabiko ikasleek
  • “Jaten dugunaren jabe” proiektuan Otsagabiko ikasleek aukera izan dute inguruko abeltzain eta elikagai ekoizleen egunerokora gerturatzeko. Bertako produktuak baloratzeko baliatzeaz gain, “ikusi dute lan horietan pozik bizi den jende gaztea, hutsik geratzen ari den sektore batean”, dio irakasleak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko ekainaren 10a
Lehen Hezkuntzako ikasleak Ezkarozeko artzain batekin animalien zaintzaren inguruan hizketan.

Elikaduraren bueltan hainbat ekintza egin dituzte, eta Otsagabiko ikastetxeko maila guztiak aritu dira modu batera edo bestera proiektuan parte hartzen, Haur Hezkuntzatik hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaraino.

Zaraitzuko medikuak elikadurari buruz aritu dira ikasleekin, osasunaren ikuspuntutik; esne eta frutaren banaketa programan hartu dute parte gazteek; eskolako baratzeari probetxua atera diote; haziak ereiten, txertaketa eta kimaketa egiten… aritu dira; hondakinen gaiari heldu diote… eta proiektua amaitzeko, ikasleek Zaraitzu ibarreko zortzi esplotazio ezagutu dituzte.

Ekoizleen errealitatera hurbiltzeaz gain, ikasleek abeltzainak elkarrizketatu dituzte eta elkarrizketa horiek jasotzen dituen Animendi aldizkari digitala sortu dute. “Gure inguruan ekoizle asko dago, baina kanpokoa kontsumitzeko ohitura dugu, merkaturatzeko dagoen logikak ere ez du bertakoa kontsumitzera bultzatzen; bada, bertakoa ezagutzen eta baloratzen lagundu die esperientziak –dio Zesar Armendariz irakasleak–, eta ekoizleak ere oso gustura aritu dira, belaunaldi gazteei egiten dutena erakusten”.

Ikastetxeko ildo pedagogikoak dituen zutabeetako bi ukitu ditu proiektuak, Armendarizek azaldu digunez: batetik, esperientzian oinarritutako ikasketak; eta bestetik, lurraldearekiko atxikimendua. “Testuinguru berezian bizi gara, despopulazioa nagusi den zonaldean, eta inportantea da gure inguruarekiko atxikimendua lantzea”.

 

 

 

Otsagabiko Natur Zentroko langile eta Zaraitzu Ibarreko basozainekin zuhaitz haziak ereiten.

 

 

 

 

 

 

Ikasleak Otsagabiko Natur Zentroko langile eta Zaraitzu ibarreko basozainekin zuhaitzak birlandatzen.