argia.eus
INPRIMATU
“Inguru arriskutsuetatik gertu ibiltzeagatik” kaleratu dute Patxi Zamora
  • Kontuz! Elkarteko kidea duela bederatzi hilabete kaleratu zuten lanetik. Hegazkinetako laguntzaile aritu da azken 30 urteotan eta lehen aldiz lan hori egiteko behar duen txartela ukatu diote. Arrazoi bakarra: "eremu arriskutsuetatik gertu ibiltzea".

Euskalerria irratia @fm983irratia 2018ko urriaren 09a
Eskuinean Patxi Zamora prentsaurrean. Argazkia: Euskalerria Irratia.

Hegazkinetako laguntzaile lanetan izan da Kontuz taldeko Patxi Zamora azken hogeita hamar urteotan. Duela bederatzi hilabete iritsi zitzaion ezustekoa: hegaldi horietan lan egiteko ezinbestekoa duen txartela ukatu ziotenean. Korapilatu egin zen gaia hasieratik. Izan ere, hasiera batean txartela beti bezala onartu zioten, Guardia Zibilak du hori balioesteko ardura, baina hamar egunetara iritsi zen ezustekoa: gaitasun hori ukatu ziotenean. Gertatutakoa salatu zuen berehala Kontuzeko kideak.

Hamar egun horietan zer ote zen gertatutakoa? Bada, hamar egun horietan email bat tartekatu zuten, zeinetan txartela ukatzeko arrazoien artean hauxe ageri zen: "Inguru arriskutsuetatik gertu ibiltzea". Hitzez hitz modu horretan deskribatu zuen Guardia Zibilak Zamorari txartela erretiratzea. 

 Horixe izan zen lan egiteko behar zuen txartela kentzeko argudio bakarra. Frogarik eta oinarririk gabeko mezuak iruditu zaizkio hasieratik Zamorari eta Kontuz elkarteari berari. Horregatik, hiru auzibide daude zabalik: administrazioarekiko auzi-prozesua; laborala eta zibila. Mendeku gosearen erakusle bat gehiago dela iruditu zaie eta aurrekari oso arriskutsua izan daitekeela uste dute.

Gertatutakoa ikusita, epaitegian txartela ukatu zion Guardia Zibilaren lekukotasuna entzun zedila nahi zuten, baina halakorik ez da izanen ez-deklaratzeko eskubideari eutsi baitio Guardia Zibilak eta epaileak onartu baitu hori.  Gauzak horrela, Espainiako Gobernuari, PSOEri eta baita PSNri ere eskatu diete gaia aztertu eta bidegabekeriarekin amaitzeko.

Albiste hau Euskalerria irratian argitaratu dute eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.