Ostegun goizaldean Ertzaintzak EHUko San Mamesko kanpuseko Herri Unibertsitatea hustu zuen. EHUk “arauak apurtzea” egotzi die ikasleei. Horiek Ingeniaritza Eskolako zuzendariaren dimisioa eta “Errektoretza publikoki kokatzea” eskatu dute, besteak beste.
Herri Unibertsitateko partaideek prentsaurreko bat egin dute, hilaren 22an San Mamesko fakultatean gertatutakoa salatzeko: Herri Unibertsitatea egiten ari zirela eta errektoretzatik ohartarazi zietela Ingeniaritza Eskolako zuzendariak Ertzaintzari dei egin ziola ikasleak kanporatzeko. Abisua izanda ere, ekintzekin jarraitu zuten. Ertzaintzak kanporatu eta identifikatu zituen, “espazio publikoaren okupazioa eta autoritateari erresistentzia larria egitea” egotzita. Zuzendaritzak espedientea zabaltzearekin mehatxatu zituela jakinarazi dute.
Ingeniaritza Eskolako zuzendaritzaren jarrera “autoritarioa” dela salatu eta azken urteetan “beste ekintza asko debekatu” dituela azaldu dute. Egoeraren aurrean, EHUko Errektoretzari honako eskaera egin diote: “Ingeniaritza Eskolako zuzendariaren dimisioa, espedienteak ez zabaltzeko konpromisoa, gertatutakoaren aurrean kokatzea eta poliziak berriro ere ez bidaltzea”.
Era berean, “eraso baten aurrean autodefentsaz erantzuteko zilegitasuna” defendatu eta Herri Unibertsitatea garatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute. Gertaeren aurrean babesa adierazi dutenei eskerrak eman dizkiete.
Ikasle Kontseiluak Herri Unibertsitatearen jokabidea salatu du
“Gertakari bandaliko hau lekuz kanpo egon da”, adierazi du EHUko Ikasle Kontseiluak komunikatu batean. Jazoerek “15.000 euroko kostua” utzi dutela esan dute, “beste gauza batzuetarako erabili daitekeen dirua”. Nekane Ballueraka Errektoreak eskerrak eman dizkie Ikasle Kontseiluko ikasleei hitz hauengatik. Balluerkaren iritziz, San Mamesen bildutako ikasleek “aldez aurretik ipinitako baldintzak urratu zituzten” eta “horrelako jarrerek ez daukate tokirik EHUn”.