argia.eus
INPRIMATU
Ingemarrek Usurbilgo planta itxi eta 31 langile kaleratuko ditu
  • Enpresaren Galizako zuzendaritzak eta langileen batzordeak adostu dute planta ixtea eta bertan soldatapean lanean dauden 37 langileetatik 31 kalera botatzea. Bestalde, enpresak langileei "xantaia" egin diela salatu du ELAk: "Enpresak baldintza jarri du kaleratzeagatik jaso beharreko kalteordaina kitatzeko: langileek hitz eman behar dute ez dutela auzibidera joko".

Karkara Orio eta Aiako orainkaria 2019ko apirilaren 26a

Atzo, asteazkena, ELA sindikatuak ohar bidez salatu zuenez, Ingemarren Usurbilgo planta itxi eta bertan soldatapean lanean dauden 37 langileetatik 31 kaleratuko dituzte. Ingemar S.L. enpresako Galizako zuzendaritzak eta langile batzordeak hartu dute erabakia; hain zuzen, UGT (Unión General de Trabajadores) sindikatuko hiru ordezkarik eta CIGeko (Confederación Sindical Galega) bi ordezkarik osatzen dute langile batzordea.

 

"UGTk, zuzendaritzarekin batera, Usurbilgo langileen kaleratzea bultzatu du; zoritxarrez, CIGeko ordezkariek ere sinatu egin dute akordioa. Hau deitoragarria da, Usurbilen ordezkaritzarik ez duten bi sindikatu horiek erabaki baitute Gipuzkoako langileak lanik gabe uztea", adierazi du ELAk.

Bestalde, Ingemarreko zuzendaritzaren jarrera salatu dute atzoko oharraren bidez: "Kudeatzaile hauek ez dute eskrupulurik, eta beren jokabideak jazarpen penala merezi du". Izan ere, enpresak langileei "xantaia" egin diela azaldu dute: "Enpresak baldintza jarri du kaleratzeagatik jaso beharreko kalteordaina kitatzeko: langileek hitz eman behar dute ez dutela auzibidera joko". Beraz, Ingemarrek planta itxi izanagatik langileek kalteordainak jaso nahi badituzte, bide judizialik ezingo dute hartu.

Langileen borroka luzea

Ingemarren Usurbilgo plantako langileek greba mugagabea hasi zuten aurtengo martxoan. 2017. urte erdialdean, 47 langilerentzat "azkentze-EEE" bat aurkeztu zuen Ingemarreko zuzendaritzak. Horietatik 31 Usurbilgoak ziren, 6 Lugokoak eta 10 Espainiako estatuan sakabanatuta dauden bost biltegietakoak. EEE horren helburua "estatuko beste lantegiak erabiliz langileak kaleratzea eta lantegia 4 milioi euroko aktiboak dituela ixtea" zela salatu zuten Usurbilgo beharginek.

Bestalde, enpresaren berregituraketa prozesuaren barruan, 2009. urtean Usurbilgo lantegia pixkanaka "deskapitalizatzeari" ekin ziotela salatu zuten aurtengo martxoko agerraldian, "ekoizpena deslokalizatuz eta langileak kaleratuz".

Albiste hau Karkarak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.