Ostegun honetan bozkatuko dute Hezkuntza Departamentuak landu duen proposamena eta gobernuan PSN bakarrik geratu da legearekin. Legebiltzarrean, ezinbestez UPNren sostengua beharko du legea aurrera ateratzeko, eta hark baldintza bat jarri dio: gaur egun hizkuntza programa dena eredu bihurtzea, D eredua bezala.
Aspalditik ari dira PSN eta UPN PAI ingelesezko programa Nafarroan betikotzeko formularen bila eta agian orain topatu dute horretarako giltza: batetik, hartan irakasten duten 350 irakasleren (plantillaren %70) lanpostua finko egiteko aztertuko den lege berezi horrekin; eta bestetik, hizkuntza programa dena hezkuntza eredu bihurtuz, UPNk eskatzen duen gisan. Jabier Esparzak onartu du eskaera hori Afapna sindikatutik egin dietela.
UPNk egindako eskaeren artean da behin lanpostu horiek egonkortzen direnean, irakasle horiek ezin aldatu ahal izatea gaztelaniazko edo euskarazko ereduetara, eskuindarren helburua programa hori sendotzea delako. Gertatzen da, alabaina, programa horretan ari den irakasle askok aukeran nahigo lukeela euskarazko edo gaztelaniazko ereduetan egotea.
Hainbat arrazoi daude horretarako, baina horien artean da, orain ingelesez irakastean duten sostengu eskasa. Eta, horrez gain, erosoago sentitzen dira klaseak euskaraz edo gaztelaniaz emanda.
Geroa Bai PSNk aurkeztuko duen proposamenaren aurka egin du eta adierazi du Uxue Barkosen agintaldian saiatu zela Espainiako Gobernuarekin akordio batera iristen irakasle horiek egonkortzeko, baina ezinezkoa izan zela, Espainiako legediak ez duelako onartzen ingelesa ezinbestekoa izatea funtzio publikoan aritzeko.
Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak aitortu duenez, PSN ere saiatu da bide horretan, eta ezintasunaren aurrean, egonkortasuna foru lege baten baitan ematea erabaki dute. Navarra Suma eta PSNz gain, legebiltzarreko beste alderdiak sozialistek proposatzen duten legearen aurka dira, bai langile publikoen artean sortuko diren desberdintasunengatik eta baita ere sor dezakeen ziurgabetasun juridikoagatik. LAB, ELA, Steilas eta UGT sindikatua ere legearen aurka agertu dira eta Hezkuntza Mahaian gaia negoziatzea eskatu diote Gimenori.
Hainbatek aitortu izan du ingelesezko PAI programa izan dela azken hamarkadetan D ereduaren atarian sartu den golik garrantzitsuena, eta orain lege honek eta eredu bihurtzeak urte askotarako sendotasuna eman diezaiokete ingeles programari.
PAI programak eztabaida handiak ekarri ditu Nafarroara, bai bere helburuetakoa D ereduaren aurka egitea dela salatu delako, eta baita pedagogikoki kontraesan handiak dituelako ere. Besteak beste, Castejongo Ikastetxe Publikoak PAI programatik ateratzea erabaki du, baina erabakia gauzatu arte egin behar duen gurutzbidea ez da txantxetakoa. Izan ere, programa hau bultzatu duen Nafarroako Gobernuak –PSNk eta UPNk – behartu egin ditu hainbat ikastetxe hartan ekitera, baina gero konforme ez badira, ateratzea ikaragarri zailtzen die.