argia.eus
INPRIMATU
Ingeles ordu gehiagorik ez dute nahi
  • Sarriguren, Tafalla, Noain, Buztintxuri eta Gares herrietako D-PAI ereduko ikastetxeetako familiak kalera aterako dira Hezkuntza Departamentuak foru lege bidez ingeleseko orduak handitu nahi dituela salatzera. Euskarazko murgiltze ereduaren kontrako erabakia dela iruditzen zaie eta atzera egiteko eskatuko diote. Atzo, Tafallako eta Erriberriko ikastetxeek elkarretaratzeak egin zituzten ikastetxe aurrean. 

Maialen Huarte Arano Euskalerria irratia @fm983irratia 2025eko apirilaren 10

D ereduan ikasten ari diren ikasleen gurasoak mobilizatzen ari dira D-PAI ereduan Hezkuntza Departamentuak ezarri nahi dien ingeles ordu bat gehiagoren kontra. Elkarretaratzeak egin zituzten atzo Tafallan eta Erriberrin eta bihar protesta eginen dute Nafarroako Parlamentuaren parean arrazoi bera tarteko. 

Tafallako kasuan bederatzi urte pasa dira herriko ikastetxe publikoan D eredua jarri zutenetik, eskaera bazelako herrian. Hasieran ingelesarekin partekatzen zuelako euskarak lekua zalantzak piztu zituen familien artean, euskarazko murgiltzea erdietsiko ote zen ez zelako argi geratzen. Egun, 139 ikasle daude. Haien familiek ez dute ingeles ordu bat gehiago nahi, hori euskararen kalterako izanen delako. Martxoaren 14an Hezkuntza Departamentuari bilera eskatu zioten, baina oraindik ez dute erantzunik jaso. Departamentuak ezarri nahi duen foru legearen kontra 155 familiaren sinadurak jaso dituzte, hau da, ikasleen %87ren gurasoek sinatu dute.

Protestak eta sinadura bilketak

Tafallako ikasle eta gurasoek elkarretaratzea egin zuten atzo baita Erriberriko D-PAI eredukoek ere. 50 ikasle ditu Erriberriko ikastetxeak eta uste dute ez dagoela argudio pedagogiko edo linguistikorik aldaketa horretarako.

Bihar, Tafalla, Sarriguren, Buztintxuri, Noain eta Garesko ikastetxeetako familiek elkarretaratzea eginen dute parlamentuaren parean 09:00etan.