argia.eus
INPRIMATU
Informazioaren manipulazioa jo puntuan jarri du RTVEko emakumeen plataformak
  • Mujeres RTVE plataformak, zeinak Espainiako Estatuko komunikabide publikoko emakumezko langileak biltzen dituen, korporazioaren baitan ematen den informazioaren manipulazioa salatzeko kanpaina bat abiatu du sarean #AsíSeManipula traolarekin. Komunikabide publikoak helburu alderdikoiekin erabiltzen direla agerian uztera datozen hainbat testigantza aireratu dituzte.

2018ko maiatzaren 03a

Astelehenean twitter bidez martxan jarritako kanpainaren bitartez “iritzi publikoaren aurrean informazio kalitatea eta independentzia kaltetzen dituzten ohiko praktikak salatzea” bilatzen dute. Plataformak adierazi duenez, PP alderdiaren partetik RTVEko kupula berritzea ahalbidetzen duen lehiaketa publikoan ematen ari den blokeoa izan da kanpaina hau martxan jartzeko arrazoi nagusia. Blokeo horren aurrean “herritarrek jakin behar dute kalitatekoa eta plurala den informaziora sarbidea ukatzen zaiela” azpimarratu dute.

Interes jakin batzuen edota Espainiako Gobernuaren kontakizunaren mesedetan komunikabide publikoak errealitatea desitxuratzen duela salatzea, horixe da kanpainarekin lortu nahi dutena. Plazaratu duten traolaren erabilerarekin, Berriemaileen Kontseiluetan jasotako hainbat informeri lehen pertsonan kontatutako testigantza askotarikoak batzen zaizkie, egunerokotasunean kazetari lana egikaritzeko aurkitzen dituzten zailtasunak salatuz: zentsuratutako kazetariak eta erredakzio paraleloak, besteak beste. Beraien helburua, komunikatuan azaldu dutenez, edozein norbanako erakunde publikoan eta denon diruarekin egunero ematen den manipulazio informatikoaren jakitun izatea da. Era berean, norbanakoak animatu nahi dituzte RTVEren partetik jasotako edozein manipulazioren berri ematera.

Bidez batez “eta aurtengo martxoaren 8ak emandako indarra eta  bat-egitea aprobetxatuz”, TVE, RNE eta RTVEko Berriemaileen Kontseiluak PPren partetik komunikabide publikoan ematen ari den blokeoak jarraitu bitartean ostiralero beltzez jantzita lan egiteko proposamenarekin bat egin dute komunikabide publikoko emakumeak.